Amallon inoiz egon denak badaki tontor hori leku berezia dela. Mundua baino gorago egotea modukoa da, eta erlojua be galdu egiten da han. Urtero, San Juan bueltan, gazteenek eta nagusiek gozatzeko zelaia bihurtzen da Amallokoa.
Aurten be goiz helduko dira sanjoanak, asteburu honetan. Betiko legez,
kontzertuekin hasiko dituzte jaiak. Antton, Dzaust, Willis Drummond eta Tximeleta taldeak ariko dira Amalloko tontorrean aurtengoan.
Antolatzaileek jakin eragin dutenez, afaltzeko aukera be egongo da Amallon zapatuan, bai bokadiloak, baita platerak be.
Zapatu gabean
autobus zerbitzua antolatu du Amalloko jai batzordeak joan eta bueltarako. Euro bat balioko du bidaiak.
Markina-Xemeindik orduro egongo da autobusa 21:00etatik aurrera udaletxe atzetik. Ondarroatik, ostera, 21:30etik aurrera orduro joango dira. Horiek, Itsasaurren edukiko dute irteera. Berriatuan be geldituko dira.
Etxera buelta egiteko be orduro egongo dira autobusak bai Markina-Xemeinera, baita Ondarroara be.
Ez dira garai errazak auzoetako jaiak antolatzeko. Halan eta be,
Amalloko jai batzordeak behar handia egiten du sanjoanak «betiko modukoak» izateko, eta jendeak betiko beste disfrutatzeko.
«Jendeari hona etortzeko erraztasunak jartzen ahalegintzen gara», azaldu dute. Horregatik jarri dute autobus zerbitzua, adibidez.
Urte osoan hainbat ekintza egiten dituzte amallotarrek jaietarako finantziazioa lortzeko. «Auzo bakarrenetakoa izango da hau lortzen den diruaren beste gastatzen dena, dirurik galdu gabe», diote jai batzordekoek. Lortutakoa bardintzera joaten direla azaldu dute.
Sanjoanak asteburu honetan hasiko dira Amallon, baina San Juan egunera arte jarraituko du
egitarauak martxan.
Egitaraua, gainera, adin guztietako jendearentzako izaten da: nagusienetatik hasi, eta umeentzako antolatzen den ikuskizunera arte.
Danek daukate ondo pasatzeko aukera magikoa den tontorrean.