Prozesu luzearen ostean, Playa de Ondarzabal itsasontziagaz zer egin ez dakite oraindino.
Herritar bik proiektu bat aurkeztu zuten, baina hilabete eta erdi pasatu ostean, oraindino ez dira akordioetara heldu.
Playa de Ondarzabal ontziaren egoera ez da ona; horregatik, ideiekin etortzeko deia egin zien udalak herritarrei. Bi lagun hurreratu ziren, ontzian arrain erretegia jartzeko proiektuagaz.
Proiektu horren aurkezpenetik hile eta erdi pasatu ostean
batzarra egin zuten joan den astean alde biek. Hainbat puntu aztertu zituzten.
Hasteko, proiektua udarako aukera bat legez ikusten zuela azaldu zuen udalak. Ondo joanez gero, luzatzeko aukera egongo litzateke, baina hurrengo udan lehiaketa publikoa deituko luke udalak, bere ustiapenerako.
Ideiaren bultzatzaileak, baina, ez ziren horrekin guztiz ados. Euren arabera, «beste proposamenik egon ez denez gitxienez legegintzaldia amaitu arte» berberek egin beharko lukete ustiapena.
Bestetik, etekinekin sortu zen eztabaida. Udalak mozkinena «negoziatzeko prest zegoela» dio. Sustatzaileek, ostera, mozkinak egon daitezkeen moduan «galerak» be egon daitezkeela dio, eta udalak ez zuenez onartu horiek bere gain hartzea, irabaziak be ez lituzkeela hartu behar.
Azkenik, udalak ez zuen erretegiaz gain bestelako aktibitaterik egitea bideragarri ikusten, eta sustatzaileek afalostean edariak zerbitzatzea «normalena» dela diote.
Tentsio handiko bileraren hurrengo egunean itsasontzia moilan kontrara mugitu zuten sustatzaileek. Euren arabera, ikusita udalak ez duela «ezer mugitzen, eurak hasi dira horretan». Gainera, ontzia moila erdian egoteagaz udalak «itsasontziaren egoera txarra ezkutatu» nahi duela esan dute, eta herritarrek ikus dezaten mugitu dutela izkinara.
Udalaren arabera, batzarrean «argi» utzi zuten hitzarmena sinatuta egon aurretik ezingo zutela «inolako erabakirik edo neurririk hartu». Horregatik, gertatutakoa argitzea erabaki zuten, eta itsasontzia poiektuaren bultzatzaileek eurek mugitu zutela ziurtatu ostean, gertatutakoa «larritzat» jo dute udal arduradunek.
Udalak azaldu duenez, ahalegin «danak» egingo ditu ondarea herriratzeko eta mantentzeko. «Argi daukagu ondare hau herritarren eskutik bultzatu behar dugula, eta bere babeserako formulen bila jarraituko dugu», argitu dute.
Sustatzaileek diotenez «eurenari» eutsiko diote, Ondarzabal «maite dutelako eta herriarena delako».