
Jaioren BMW 320
Gorabehera handirik barik egin zen zapatuan lasterketa. Lehen bueltan, nahikoa laban zegoen behegainea, eta hartara, orokorrean, bigarren eta hirugarren zatia gusturago egin zuten pilotuek.
Txus Jaio markinarrak eta Ander Txakartegi berriatuarrak lasterketa oso ona egin zuten, eta bakoitza zegokion taldeko podiumera igo zen.
Jaiok daukan maila erakutsi zuen beste behin be. Jesus Urkidi kopilotu zuela, lasterketa oso ona egin zuen, BMV 320agaz. Bere taldeko –10. taldea– arinena izan zen, eta hortaz, podiumaren gorenera igo zen. Sailkapen orokorrari begiratuz gero, seigarren geratu zen.

Txakartegiren eta Arrateren autoa
Ander Txakartegi berriatuarrak Maite Arrate markinarra eduki zuen ondoan. Euren taldean bigarren egin zuten, lehenengoarengandik bost ehunenekora. «Pozik» zeuden biak egindako emaitzagaz. Igor Zatika lekeitiarrak hamalaugarren egin zuen, Efren Llarena pilotuak gidatutako autoan.
Bestalde, lasterketa amaitu ezinean geratu zenik ez zen falta izan: Aitor Saizar berriatuarrak motorra hautsi zuen.