Jai giro ederra ekarri dute sanpedroek herri eta auzoetara asteburuan.
Berriatuan, Lekeition, Munitibarren eta Ziortza-Bolibarko Arta auzoan ospatu dituzte jaiak. Aurten, San Pedro eguna zapatuan izanda, igarri da han eta hemengo ekimenetan jende gehiago ibili dela.
Berriatuan bertsoekin hasi zituzten jaiak, Berritxu Saria 2013 gazteen sariketagaz. Haritz Mujikak irabazi zuen, eta bigarren egin zuen Nerea Ibarzabal Markina-Xemeingo bertsolariak.
Zapaturako herri bazkaria antolatu zuten, eta herritar mordoa alkartu zen. Domekan, txikienek eduki zuten herri bazkariaz gozatzeko aukera. Gero, jolasak, bits jaia eta txokolate jana egon ziren.
Aspaldiko jende gehien batu zen
Lekeition kilin-kala eta kaxarranka ikustera. Anbiente polita egon zen San Pedroren irudiaren aurrean. Ostean, urtero moduan, emakumeen aurreskua egin zuten Independentzia plazan.
Domekarako dzinga txapelketa antolatu zuten, eta Iñaki Egia
Patxan izan zen irabazlea. Horrela, Euskal Herriko txapeldun izendatu zuten.
Jende piloa ibili da
Munitibarren sanpedroetan, batez be, zapatuko bazkarian eta iluntzean.
Zapatuan marmitako-txiste txapelketa egin zuten, eta batera bazkaldu zuten gero plazan. Lehiaketa Etxeratek irabazi zuen, eta Silber eta Albardauek berdinketa lortu zuten.
Domeka arratsaldean be jendetza batu zen Pentatonix folk taldearen kantaldia entzutera.
Ziortza-Bolibarko
Artan, afaria egin zuten zapatuan. Domekan, bertsolariak aritu ziren eguerdi buelta girotzen.
