24. Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki jaialdia aurkeztu dute Bilbon

Aurten be agertoki bihurtuko dira Lekeitioko kaleak uztailaren 12, 13 eta 14an Nazioarteko Kale Antzerki jaialdiagaz. “Kultura kargatu eta deskargatu egiten da lekeitioko portuan, hangoa ekarri eta hamengoa eroaten dugu, kultur trafikanteak gara”, esan du Pili Robles jarduneko alkateak Bilbon egin duten aurkezpenean. Aurten be egitarau barritzailea edukiko du jaialdiak. Imanol Agirre zuzendari artistikoak azaldu duenez, batez be bi izango dira aurtengo programazio izarrak. Alde batetik, Azart taldeak Ship of Fools ikuskizuna ekarriko du Lekeitiora. Barku batean izango da antzerkia, eta lehenengoz, sarrera ordaindu beharko da. Ordaintzeko modua bitxia izango da: ikusleek kiloko 17 zentimo ordaindu beharko dituzte. 77 kilotik gora daukatenek 13,09 euro ordainduko dituzte gehienez. “Itsasontzira sartu aurretik, banan-banan pisatuko da jendea”, azaldu du Agirrek. Sacude taldea be aipatu du Agirrek. Dantza bertikala egiten du taldeak, eta kanpandorreak eskainiko dute ikuskizuna. Xarxa taldearen Papers taldea be goraipatu du Agirrek. Euskal antzerkigileei dagokienez Hortzmuga, Trapuzaharrak, Markeliñe eta Deabru Beltzak dira aipagarriak. Aurtengo nobedadea Stock Umorea Off-a izango da. “Hamar ikuskizun izango dira Lekeitioko kaleetan”, azaldu dute. Kale antzerki jaialdiarei 65.000 euroko aurrekontua eskaini dio Lekeitioko Udalak. Prentsaurrekoan Pili Robles eta Imanol Agirrez gain Josu Bilbao Stock Umorearen sortzailea, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur saileko Maitane Leizaola eta BBK Fundazioko Gorka Martinez be egon dira. AURK1