Aurtengo denboraldia amaituta, Marierrota Lekeitioko boleibol taldeak
balorazioa egiteko tartea hartu du hurrengo urtera begira jarri aurretik.
Amaiera biribila emon diote denboraldiari, gainera. Izan be,
Andorrako nazioarteko summercup-a jokatzera joan dira taldekide guztiak.
Danera 46 jokalari eta 5 arduradun joan ziren Andorrara. Txapelketa egun bitan jokatu zuten, eta beste hiru egun pasatu zituzten Andorra ezagutzen. “Txapelketa intentsoa izan da: 2 egunetan 5 partidu jokatu ditugu”, esan dute.
Emaitza “bikainak” lortu dituzte gainera:
Nagusien mailan txapelketa irabazi zuten Viladecans taldeari irabazita, 2-0eko emaitzagaz gainera. 25-18 eta 25-23 amaitu zituzten partiduak.
Txikien mailan be finala jokatu zuten Marierrotakoek Val de Hebron talde indartuaren kontra, eta gitxigatik bada be, 2-1 galdu zuten markagailu estuagaz. 25-23 galdu, 22-25 irabazi eta 15-13 galdu zuten txikiek.
Bidaiari amaiera emotek Andorra ezagutu zuten Marierrotakoek. “Esperientzia bikaina bizi izan dugu aurtengo denboraldi amaieran”, diote entrenatzaileek. “Eta eskerrak emon nahi dizkiegu hori posible egin duten laguntzaile, babesle, entrenatzaile, familia, arduradun eta jokalariei”, gaineratu dute.
Beste alde batetik,
kadeteen mailan be balorazio “ezin hobea” egin dute Marierrotakoek.
Estatuko kluben txapelketa jokatzeko aukera eduki zuten. Orain dela 6 urte txikien mailan parte hartu zuten txapelketa horretan, eta orain, kadeteetan lortu dute horra heltzea. Asturiasen jokatu zuten, Cangas de Onisen eta Arriondasen. “Txapelketa oso gogorra izan da estatu mailako talde indartsuenak bertan batzen direlako”, esan dute. “Aukerak eduki genituen 19garren geratzeko 24tik, baina Melillaren kontra huts egin genuen eta 22.en gelditu ginen azkenean”, azaldu dute entrenatzaileek. “Halan eta be, etorkizunean talde nagusia izango dene ezagutzeko balio izan du, beraz, oso pozik gaude”, gaineratu du.