Denboraldia goi-goitik amaitzeko kirol ikuskizuna prestatu dute, zapatu gaua giro onean pasatzeko bezalakoa.
22:30ean hasiko dira partiduak Miruaitzen.
Zesta-eskolako gaztetxoen arteko partiduak jokatuko dira lehenik:
Ekaitz-Xabier eta Mikel-Aitor 20 tantora ariko dira, nor baino nor.
Atzetik etorriko da partidu nagusia. Miruaitz frontoiaren kantxan Ameriketatik etorri berri diren pelotariak izango dira, munduko puntista onenetarikoak:
Foronda-Irastorza bikoteak Beaskoetxea eta Etxeto izango ditu aurrez aurre.
Kantxan «ikuskizun handia» eta harmailetan «ez galtzeko giroa» egotea ziurtatu nahi izan du partidu horiekin Danok Bat-ek, «urte osoko lanaren amaiera» bezala.
«Herriko jendea frontoira etortzera animatu nahi dugu. Giro ona eta pelotarien ikusgarritasuna ziurtatuta daude. Jaietako giroa frontoira etortzea nahiko genuke», esan du Jon Mendizabal Danok Bat-eko arduradunak. «Inor ez da damutuko», gehitu du.
Doakoa izango da ikuskizuna, eta taberna zabalik egongo da.