Iaz baino 6.000 euro gutxiagoko aurrekontuarekin, baina egitarau zabalagoarekin eta azkanengo jaieguna berreskuratuta hasiko dira martxan bihar goizean goiz malen jaiak: zapi urdinak kaleratzeko egunak heldu dira.

Gure Ametsa dantza taldekoak, Goiko Plazan
Malenak ate joka datoz. Bihar helduko dira, iaz baino aurrekontu txikiagoarekin, eta iaz baino egitarau zabalagoarekin.
Malen bezpera domeka izanik, zapatuan hasiko dira jaiak. Azoka txikiak zabalduko du egitaraua: bihar izango da hori, 09:00etan.
Txupina ozen entzungo da domeka gauean. 22:45ean botako dute udaletxetik, saio hunkigarrian. Hari segika, nagusien danborrada entzutetsua hasiko da. 23:00etan izango da hori. Aurten 120 lagunek joko dute danborra, eta guztira, 140 lagun batuko dira, iaz baino gehixeago.
Santixo Eguna, uztailaren 25a, berreskuratuta datoz etorri ere jaiak, herriko talde eta banakoek egindako lanari esker. Edonola ere, sokamuturrik ez da egongo azken txanpan. Malen egunean –astelehena– eta Koadrila egunean –eguaztena– bai, sokamuturra egingo da Goiko Plazatik Beheko Plazaraino, 18:00etan hasita. «Guztiz debekatuta dago 16 urtetik beherakoentzat sokamuturrean parte hartzea», gogora eragin du Mutrikuko Udalak, eta «norbaiti zerbait gertatuz gero, udala ez da erantzule egingo»
Txupina ozen entzungo da domeka gauean. 22:45ean botako dute udaletxetik, saio hunkigarrian.
Musikak berebiziko garrantzia izango du egunik egun:
ez galtzekoa izango da Joselu anaiak taldearen dantzaldia. Malen egunean joko dute, Goiko Plazan: 20:30an hasita, 22:00ak arte egongo dira agertokian, eta 23:30etik 01:30era arte atsedenaldiaren ondoren. Joselu Ruiz de Gordoa taldeko liderrak 30 urtetik gora daramatza Euskal Herriko jaiak alaitzen. Mutriku, mutrikuarrak eta herrira datozen bisitari guztiak alaituko ditu oraingo honetan.

Haur parkea, Egañanean
Umeekin, Egañaneko parketik herriko hondartzaraino
Umeek gozatu ederra hartuko dute jaietan, ondo pasatzeko ekimenez bete-bete. Karaokea edukiko dute aukeran bihar, Gaztetxean. Malen bezperak erraldoi eta buruhandien kalejiran bilduko ditu etxeko txikiak. Astelehenean, Malen egunarekin batera hasiko da martxan haur parkea Egañaneko frontoian. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Mutriku Sokatira taldeak txiki herri kirolak antolatu du egun horretarako. Eta Umeen Eguna hilaren 23arekin etorriko da: erraldoi eta buruhandiak, pottokak eta zezen txkiak, Pantxika eta Txinparta pailazoak, parkea, danborrada, erromeria eta diskojaia prest daude. Santixo Egunak ekimen berri bat hartuko du: haur parkearen ordez, hondarrezko irudien tailerra edukiko dute aukeran txikiek herriko hondartzan.
Umeen Eguna hilaren 23arekin etorriko da; karaokea, pailazoak eta beste hainbat ekimen edukiko dute herriko txikienek
Malen jaien egitaraua ez litzateke gauza bera Herritxarron Jai Batzorderik gabe. Martxoaz geroztik aritu dira bilerak egiten: Mutrikuko Gazte Asanblada, Herrira, MRK, Ernai, Txantxangorri aisialdi taldea eta Mutrikuko Bertso Eskolak bat egin dute antolaketan. Udalarekin koordinatuta, ekimen pilo bat prestatu dituzte, hogei bat, «ahalik eta egitarau osoena» lortzea helburu. Jai batzordeak txosna guneko eta gaztetxeko egitaraua osatu du, eta udalak, batik bat, Goiko Plazakoa. Kontzertuak lotzen ordu asko pasatu dituztela aitortu dute. Egunero kontzertu bat ziurtatzeko saiakera berezia egin dute. Eta ez dute hutsik egin: Nekez+Ost, Altxatu eta Las Tuerkas, D-Pintxos+Hotzikara, Skasti+Ingo al deu, Anai arrebak+Dzaust +Bad sound system ekarriko dituzte txosnetara edo gaztetxera.

Herritarron jai batzordeko kide batzuk, jairako gonbitea egiten