Berriatuako Milloi auzoan ere San Antolinak ospatzen ari dira. Barikuan hasi zituzten jaiak eta gaur amaitutzat joko dituzte 17:30ean abiaraziko den briska txapelketarekin . Antolakuntzako Iñigo Mancisidorren esanetan, «giro bikaina izan da egunotan auzoan, eta eguraldiak asko lagundu du horretan, hemen ez baitago aterperik».
Jendetzarik gehiena domeka eguerdian ibili zela azaldu du Mancisidorrek, «bertsolariak, herri kirolak, triatloia eta herri bazkaria izan genituen». Hala ere, orokorrean, auzo txiki bat izateko jende «asko» ibili dela esan du. Hainbat txapelketa izan dituzte eta horietako parte hartzea nabarmendu du, esaterako, zapatuko mus txapelketan 40 bikote izan ziren lehian eta gaur goizeko txapel jaurtiketan, 36 nagusik eta 6 umek parte hartu dute.
Mancisidorrek auzotarrek egiten duten auzolana nabarmendu eta baloratu gura izan du, «bakoitzak ahal duena egiten duelako dena ondo ateratzeko».