'Olagarruak itsasora' kanpaina
Lekeitioko Udalak Emakumea eta Berdintasuna Batzordearen bitartez eraso sexisten kontrako sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan San Antolin jaietarako, Olagarruak itsasora lelopean.
Helburua jaietan parte hartzen duten pertsona guztiak gai horren inguruan «sentsibilizatzea» da. «Emakumeenganako indarkeria ez da norberaren edo etxeko arazoa», diote. «Guztion erantzukizuna da emakumeon askatasuna eta duintasuna urratzen duten egoerak salatzea edo ekiditea».
Udalak kartelak banatu ditu tabernetan eta txosnetan. Gainera, adierazpen bat be idatzi dute, eraso sexisten kontrako jarrera aktiboa eskatuz, eta gertatuz gero, jarraitu beharrako protokoloaren barri be eman dute.
Bestetik, Udalak hurrengo eguneko pilularen erabileraren inguruko inkesta egin du aurten, Potxuak martxanen iniziatibaz. Datuen arabera, nahi gabeko haurdunaldiez gain transmisio sexualeko gaixotasunak «ezin ditugula ahaztu» ohartarazi dute. «Horietaz babesteko kondoiaren erabilera sustatu nahi da», diote.