Ondarroako Etxeratek eta Herrirak egindako irakurketa
Ondarroako Etxeratek eta Herrirak Andramaixetan Espainiako Audientzia Nazionalaren aginduz jasandako debekuen berri eman nahi die herritarrei:
-Abuztuaren 14rako Herrirak euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko hainbat ekitaldi zituen antolatuta: manifestazioa, herri bazkaria eta ekitaldia. Ertzaintzak egunean bertan jakinarazi zigun eguerdian egitekoa zen manifestazioa eta arratsaldeko ekitaldia debekatu zituela Audientzia Nazionalak. Gaineratu zuten, ekitaldiok egiten baldin baziren Ertzaintzak esku hartzeko agindua zuela. Eta bazkaria egiteko debekurik ez zegoen arren, “zaintzeko” agindua zutela deliturik egiten ez zela ziurtatzeko. Herrirak eguerdiko manifestazioa egiteko deialdia bertan behera uztea erabaki zuen. Dena dela, manifestazioa hasi behar zen lekuan herritarrak bildu eta preso eta iheslarien eskubideen alde beraien kabuz kontzentrazioa egin zuten. Herri bazkaria ere normaltasunez joan zen aurrera, hori bai, debeku guzti hauek herritarrongan eragiten duten urduritasuna eta kezka nabaria zen. Debekuen gainetik, egun osoan zehar herritarrok gogoan izan genituen gure herriko etxeetan falta diren senide eta lagunak.
-Abuztuaren 17an urtero legez eguerdiko ordu batetan, manifestazioa geneukan eskatuta Etxerat Elkartearen izenean. Preso eta iheslari politikoen eskubideen alde lemapean. 12:30tarako Ertzainek hartuta zuten Alameda aurre eta musika plaza, armatuta, aurpegiak estalita eta abar, “beldurgarria”, baita ere arriskutsua jaietan dagoen jendetza kontuan izanda. Hainbat urtetan bakean egin izan dugun agerpena aurten ezin izan dugun egin. Euskal preso eta iheslari politikoek urratuta dituzte beraien eskubideak eta guk senideok legea betetzea eskatzen dugu, besterik ez. Ez al da senideon eskubidea eta zeregina hori eskatzea?
Ekimen hautan biktimak iraindu eta terrorismoari apologia egiten dela diote espainikako epaileek eta aitzakia hori baliatuz debekatzen dituzte ekimenok. Jaietan egitekoak ginen eta egin ziren euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko ekimen horietan, non dago terrorismoari apologia?non biktimak iraintzea?
Urte osoan zehar egiten dugun bezala, jaietan ere gure herrikide diren euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen errespetua aldarrikatu nahi izan dugu eta baita beren senide eta ingurukoena ere: sakabanaketa amaitzea, preso gaixoen etxeratzea, 197/2006 doktrina indargabetzea eta zigorraren 3/4ak beteta dituzten presoen etxeratzea eskatzea. Debekuak debeku, herritarrok egoera konpontzeko dugun borondate eta konpromisoari esker aldarrikapen hauek aurrera eraman ditugu.
Eta aurrerantzean ere hala egitera gonbidatzen zaituztegu, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen defentsan bakoitzak bere esparrutik lan egitera. Euskal jendartearen lanarekin eta indarrekin soilik behartuko bait ditugu estatu espainola eta frantsesa beraien legea betearazi eta espetxe politika aldatzera.
2013ko abuztua
Ondarruko Etxerat eta Herrira