Haizeak harrotu ditu Lekeition gazte asanbladak Abaroa jauregia okupatzeak. Bederatzi urtez hutsik egon eta gero, gazteak hara sartu, eta polemika piztu da.
Ibilbide luzea egin dute Lekeitioko gazteek Abaroara heldu aurretik. Prozesu luzearen ostean, fraileen eraikina okupatu zuten ekainean. Eta handik desalojatu ostean, hutsik dauden eraikinak «aztertzen» aritu direla esan dute gazteek. Orduan ikusi zuten Santa Ritara sartzeko aukera. «Bederatzi urtez hutsik egon da, handia da, eta udalaren jabetzakoa», esan dute. Horrela, abuztuaren 4an bertara sartu ziren gazteak.
Ordutik, eraikina eta inguruak konpontzen eta txukuntzen aritu dira, eraikina «era egokian» ipintzeko.

Abaroa jauregia eta inguratzen duen eremua
ondare historikoa da. Ondorioz, gazteak han sartzeak kritikak eragin ditu.
Atabaka kultur elkarteak jauregiak ondare moduan daukan garrantziarengatik, salatu egin zuen okupazioa, eta «erabateko gaitzespena» agertu. «Publikoki egoeraren larritasuna salatzen dugu, Abaroa gazte talde baten esku dagoelako, XIX. mende amaierako ondasunek behar duten babesaren ezelako berme barik», adierazi dute.
Ondorioz, Atabakak babes kulturalaren gaian eskumena daukaten erakundeei Ondare Kultural Katalogatu modura berehalako katalogatze inkoazioa eskatu zieten; baita, haren babes neurrien premiazko aplikazioa ere.
Lekeitioko Udalak Abaroa jauregiari erabilera bat emateko proiektua zeukan esku artean. «Egoera ekonomikoa kaskarra denez eta erabilera zehatza herriagaz erabakitzeko helburua dagoenez, hasierako urrats modura, eraikina inguruko lur eremua auzolan bitartez parke bihurtzea da», diote. Horretan dihardu lantalde batek.
Ondare historikoa denez, udalak Gorka Perez de la peña adituari eskatu zion eraikinari buruzko txostena egiteko. Han esaten zen, jauregiaren egoera ez dela ona, eta edozein erabilera martxan jartzeko ezinbestean obrak egin behar zirela.
Baina bestalde, udalak argi dauka herriak gazteentzako gune autogestionatua behar duela, beraiek proiektuak garatu eta askatasunez kudeatuko duten eremu egoki bat. Horregatik, behin baino gehiagotan bildu da gazteekin.
«Udalak argi dauka erakinari zor zaion babesa errespetatuko duen erabilera emango zaiola», diote. «Udalaren hasierako asmoak ez dira aldatu, eraikina lekeitiar guztion artean erabakitzen dugunerako izango da», diote.
Lekeitioko Gazte Asanbladak «zabalik» daudela adierazi du. Horregatik, udalagaz eta Atabakagaz be alkartu dira, «irtenbideak bilatu eta elkarlanerako prestutasun osoagaz».
Gazteek adierazi dutenez, momentuz zaindari etxea txukuntzen ari dira, Abaroa jauregiaren alboan dagoen etxetxoa. «Hor egongo gara, eta eraikin handia momentu puntualetan bakarrik erabiliko dugu», diote.
Parkea konpontzeko dagoen auzolan proiektuari ere gehitu egin zaizkio gazteak, eta denen artean hasi dira parkea ahalik eta arinen zabaltzeko proiektuan parte hartzen.
Ondareari dagokionez, gazteek argi daukate zaindu beharreko lekuan daudela: «Errespetuz jokatzen ari gara, lekua ondo zaintzeko», diote. Esan dutenez, badakite eurak ez direla adituak, eta ondorioz, prest daude ondarean adituak direnekin elkarlanean beharra egin eta Abaroa babesteko.
Segurtasunari dagokionez, udalagaz egon ostean neurri zehatzak hartu dituzte asanbladako kideek: perimetroa markatuta daukate, eta azken solairua zarratuta. «Guk hartu ditugu neurriak, zer edo zer pasatuz gero geu izango ginateke lehenengo kaltetuak», diote.
Gazteek momentuz hor geratuko direla esan dute, beste alternatiba bat topatu arte.