Bost urteko ibilbidea eginda, «gogotsu eta ilusioz» begiratzen dio etorkizunari Ziortza-Bolibarko Aranbaltz Kultur Elkarteak. Hiru pertsonek sortutako taldeak etengabe haziz joatea lortu du, eta, 22 urte dituztenetik hasi eta erretiratuetara, 27 lagun biltzen ditu gaur egun. Herriari bizitasuna emoteko asmoz sortu zen kultur elkartea, eta oraindik orain helburu beraren aldeko apustua egiten jarraitzen du.

Sorgin gaua antolatzen du Aranbaltzek sanjoanetan
Herrian jarduerak sortzeko premia zegoela iritzita hasi zuen bidea Aranbaltzek, 2008an. «Gabezia ugari somatzen genituen herrian; herritarrak elkartzeko eta denok parte hartzeko gune baten falta genuen», azaldu du Juncal Bustindui kultur elkarteko kideak. Izan ere, haren esanetan, herria «hilik» zegoen, guztiek alde egiten baitzuten herritik. «Ez ludotekarik, ez zaburik, ez ikastetxerik… Ez zegoen ezer», dio, garai hartako Ziortza-Bolibar gogoratuta.
Egoera hori ikusita hasi zen Aranbaltz elkartea herritik herrirako ekintzak antolatzen, «herria girotzen». Hala, herritarrek parte hartzeko aukerak zabalduta, mendi martxa bat antolatu zuten, herriaren desanexioaren data aintzat hartuta. Arrakasta izan zuen lehenengo aldiz antolatutako martxak, eta hortik etorri ziren gainerako jarduerak ere. Santo Tomas jaietan parte hartzeko erabakia ere hartu zuten, eta, horrela, gaztaina erreak banatzen hasi ziren aipatutako festetan. Olentzero eta Mari Domingiren etorreran, bestalde, umeei opariak banatzen hasi zen kultur elkartea, eta, geroztik, hala egiten du. Urtean zehar, gainera, emakumeen afaria eta gai ezberdinen inguruko ikastaroak (kontserba, yoga, bedar… ikastaroak) ere antolatzen ditu.
Sortu eta hurrengo urtean, bestetik, Sorgin gaua antolatzeari ekin zioten: «Hasieran dantza baino ez genuen egiten, baina, gerora, pertsonaia mitologiko gehiago sartzen joan gara». Urtero-urtero arrakasta handia izaten duen ekitaldia da Sorgin gauarena, eta «geroz eta jende gehiago batzen da sanjoanetan». Urteko beste jardueren artean, ezin aipatu barik utzi iraileko kaleko zinea zein uztaileko ludoteka zerbitzua.
Horiek guztiak antolatzen jarraitu nahi du Ziortza-Bolibarko kultur elkarteak, eta, «ahal izanez gero, gainera, gutxiago barik, gehiago» antolatu nahi ditu. Datorren urtera begira, esaterako, inauterietan parte hartzeko asmoa dutela azaldu du Bustinduik.

Ludoteka ere antolatzen du kultur elkarteak
“Ondo” erantzuten du herriak
Handia da herriko kultur elkarteak –horietako batzuk Guraso Elkarteagaz elkarlanean– antolatzen dituen ekintzen zerrenda, eta handia da baita herritarren aldetik jasotzen duten laguntza ere. «Hasieran ez zen erraza, herritar batzuek kanpoan egiten baitzuten euren bizimodua, baina, oro har, herritarrek ondo eratzuten dute. Eurengatik izango ez balitz, ezingo genituzke antolatu gaur egun egiten ditugun jarduera gehienak», aitortu du bolibartarrak. Azken finean, «herritar sentitzen dena» laguntzeko eta parte hartzeko prest izaten dela dio Bustinduik; auzoetako herritarrek, Ziortza-Bolibarren bizi direnek zein herrikoak izan baina bertan bizi ez direnek laguntzen omen dute. Parte hartze horren ondorioz, jendea ilusioz dela dio Aranbaltzeko kideak, eta, horrenbestez, jendea herrian sarriagotan geratzen hasia dela.
Urteko jarduera horiek guztiak antolatu ahal izateko, bestalde, Ziortza-Bolibarko Udalaren laguntza ekonomikoa izaten dute: 1.200 euro urteko. Dena den, hori «nahikoa ez» dela eta –urtean 4.000 euroko gastua izaten dute–, ekintza ezberdinak egiten dituzte, dirua lortze aldera; zozketak, esaterako.
Hala, elkartea sortu zeneko helburu beragaz, herrian ikastetxe edo haurreskola bat sortzearen alde borrokatzen jarraituko dute datozen garaietan ere. Horrez gain, kultur elkartearentzako lokal baten alde ere egingo dutela esan dute; izan ere, gaur egun lokal berean daude eurak eta Guraso Elkartekoak. «Ez dagoela lokalik esaten digute; beraz, momentuz, badaukagu lokal bat, eta ondo moldatzen gara Guraso Elkartekoekin». Udaletxe zaharra konpontzen dutenean lokal batzuk libre geratuko direla azaldu du Bustinduik eta horretariko bat izango luketela dio; hori, baina, «epe luzerako» kontua dela aipatu du.
Aurrerantzean ere kultur elkartean bertan zein urteko ekintzetan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei, «edonork baitauzka ateak zabalik».