Heliportu barria saregileen etxetxoaren ondoan prestatu dute. Bigarren heliportu bat egiteko erabakia futbol zelaian ezin lur hartu izateak eragin du. Izan ere, belar artifiziala ipini zenetik ezin da erabili. Portuko arduradunek jakitera emon dutenez, helikopteroek ezin izaten dute beti portu puntako heliportuan lur hartu. «Olatu handiek asko eragiten dute barra puntan neguan, eta bere sasoian alternatiba bat bilatzeko beharra ikusi genuen», esan dute. Futbol zelaiaren aukera barik, bertan portu eremuan egin nahi izan dute horretarako gune bat.
Asteetako probak
Heliportu barriak baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu dute: azkanengo asteetan hainbat pilotu profesional ibili dira probak egiten, Eusko Jaurlaritzako larrialdi zerbitzuetako teknikariekin batera. Besteak beste, lurreratzeko hainbat maniobra egin dituzte, gunearen ezaugarri guztiak ondo ezagutzeko batetik, eta behar izanez gero, hiri altzariak kendu ala ez erabakitzeko, beste alde batetik.
«Segurtasun neurri guztiak betetzen ditu heliportuak, baina behin betiko onespena emon aurretik beharrezkoa zen funtzionalitatea eta erabilgarritasuna ezagutzea», azaldu dute portuko arduradunek. Horrez gain, moila
herrigunetik oso hurre dago, eta errepidez ere lotura onak dauzka. Orain, helikopteroaren ateraino arazorik barik ailegatu ahal izango dira anbulantziak