Beste hainbat udalerritan bezala, Mutrikun ere errezeta elektronikoa ezarri dute. Hemendik aurrera, beraz, «mediku-preskripzio eta farmazia-prestazio eredu berriaren erraztasuna, segurtasuna eta erosotasuna» baliatuko dituzte bertako herritarrek.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako «98 udalerritan» dago ezarrita errezeta elektronikoa; alegia, 350.000 biztanlek baino gehiagok baliatzen dute dagoeneko botikak preskribatzeko eta banatzeko sistema berri hori. Hain zuzen, Eibar, Elgoibar, Deba, Mutriku eta Mendaro dira aipatu udalerrei berriki atxiki zaizkienak.

Errezeta elektronikoaren eraginkortasuna ezagutzeko Eibarko botika baten izan dira Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Darmaziako zuzendaria eta Miguel Angel Gaztelurrutia Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidenteordea. Horien arabera, «herritarrak zein profesionalak gustura daude» sistema berriarekin. Hori dela eta, Betolaza «pozik» agertu da; izan ere, haren ustetan, «bizkor» ari da ezartzen errezeta elektronikoa Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban.
Gaztelurrutiaren ustez, ostera, «farmazia-bulegoek sekulako ahalegina» egin dute beren kudeaketa-sistemak sistema eragile bakarrera egokitzeko, eta «berehala» ekarriko dituela emaitza onak.
Sistema berria ezartzen duten farmazietan, ohiko paperezko errezeta desagertu egingo da; hala, aurrerantzean, herritarrek osasun-txartela aurkeztu beharko dute botikak lortzeko, bertan egongo baita gordeta mediku historia osoa. Sendagileak, berriz, gaixoaren txartelean jasoko du errezeta, eta, hala, horren bidez identifikatuko du nork bere burua farmazian. Hala, farmazialariak txartelaren bidez jakin ahal izango du bezeroak behar duen botika zein den.