Mutrikuko Udalak ideia edo negozio bat martxan jartzeko laguntzak emango ditu

Debegesarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, ekintzailetza tailerra antolatu du udalak. Egitasmoaren baitan, herritarrei tresnak eskainiko dizkiete, eta beharrezkoak dituzten prozedura eta teknikak irakatsi, enpresa propioa abiatzeko asmoa edo enpresa ideiaren bat duten herritarren bidelagun izatea helburu hartuta.  Izena emateko epea zabalik dago: lehen saioa urriaren 7an izango da.
“Sarritan, gure arazoen erantzuna guk geuk daukagu. Norbere lan egoerari irtenbidea emango dion norbaiten zain egon beharrean, guretzako lanpostua guk geuk sor dezakegu, baina jakina, norbaitek laguntza eskainiz gero, askoz ere samurragoa da egin beharreko bidea”, adierazi dute udal garapen alorreko ordezkariek. “Eta hori da, hain zuzen ere, herrirako prestatu ditugun saioen helburu nagusia: ekintzaileei laguntzea”. Parte hartzaileentzat kezkak argitzeko baliagarria izatea ere nahi dute. “Kezkak partekatzeko leku bat edukitzeaz gain, elkarrekin irtenbideak topatzeko gunea ere izango da”, nabarmendu dute.
debegesa-edificio-1

Debegesarekin elkarlanean antolatu da egitasmoa

Izen ematea, turismo bulegoan Ekintzailetza tailerra Mutriku Ekinean izenburupean dator, eta bi aste iraungo ditu. Urriaren 7, 9 eta 11n eta 14, 16 eta 18an egingo dira, astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan, 09:30etik 11:00etara. “Saio horien bidez sormena lantzeaz gain, negozio ideia potentzialak identifikatuko ditugu, eta izan ditzaketen oztopoak gainditzeko lan egingo dugu”, ziurtatu dute garapeneko arduradunek. “Azken finean, buruan duzun hori bideragarria den ikusi eta martxan jartzeko modu egokiena erabakitzeko balioko du tailerrak”. Izena turismo bulegoan eman behar da, eta norbaitek informazio zabalagoa nahiko balu  647 756 506 zenbakira deitu edo mutriku2020@gmail.com helbidera idatzi beharko luke.