Markina-Xemeingo Udalak Barroetako zubia egiten hasteko aurrerapauso bat eman du. Atzoko osoko bilkuran obra esleitzeko baldintzen plegua onartu zuen, eta orain, lehiaketa jarriko da martxan.
Orain arte, hainbat oztopo eduki ditu udalak eraikuntzagaz hasteko. Baina, orain, baldintza guztiak beteta eta hirigintza batzordean baldintzen agiria adostuta, aurrera doa proiektua.
Danetara
1.368.502,47 euroko aurrekontua edukiko dute beharrek, eta hasierako kalkuluen arabera, hamalau hilabete iraungo dutela aurrikusten da, nahiz eta gero, hori alda daitekeen.
Alde batetik,
Bizkaiko Foru Aldundiaren 550.000 euroko diru laguntza edukiko du udalak zubia egiteko. Hori soberakinen poltsatik atera eta zubia eraikitzeko poltsan ezarri dute. Bestetik, gaur egun
udalak daukan soberakinetik 700.000 euro ere zubiaren poltsara bideratu ditu. Falta diren
118.502,57 euroak 2014ko aurrekontutik jarriko ditu udalak.
Udalak atera duen baldintza agirian ohiko baldintzak daude jasota, baina badaude udalak gehitu dituen beste bi baldintza: alde batetik,
Bizkaiko eraikuntzako langileen hitzarmena errespetatu beharko dute. Beste alde batetik, proiektua
ofizialak diren bi hizkuntzetan aurkeztu beharko dute, derrigorrez.
![OLYMPUS DIGITAL CAMERA](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2013/10/zubia-300x106.jpg)
Madrilgo Gobernuak ezarritako lege baten ondorioz,
orain arte udalek ezin zuten soberakineko dirurik erabili. Baina orain, foru lege bat atera da, eta horren ondorioz, inbertsioak ez badu suposatzen hurrengo urteetan gastu gehigarririk edukiko duenik,
proiektuak egingarriak dira. Foru lege horri helduta hasiko dira zubia eraikitzen.
Horretaz gain, hainbat arazo eduki ditu udalak: Uraren Euskal Agentziaren baimena, adibidez. Apirilean jaso zuten baimena, baina zubiaren inguruko lurren jabeekin aldaketa batzuk egin behar izan dituzte.
Datorren urtera begirako proiektuak azaltzeko,
udalak herri batzarrerako deia egin du, urriaren 23an, kultur aretoan. Proiektu bat baino gehiago azalduko dute, tartean, zubiari dagokiona.
Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak esan du batzarrean «edozein zalantza argitzeko prest» dagoela udala. «Herritarrei etortzeko deia luzatu nahi diegu».