EAJ pozik agertu da zubiaren proiektuan«logika nagusitu delako»
Markina-Xemeingo EAJ pozik agertu da datorren urtean Barroetako zubia errealitate izan daitekeela ikusi eta gero.
Hala ere, azken bi urteotan proiektuaren kudeaketan udal gobernuak izandako «jarrera» kritikatu du. Horri lotuta, herriarentzat «estrategikotzat» jo duten proiektua nola eta noiz jaio zen azaldu dute. «Iazko udazkenean lanak has zitezkeela adierazi zuten udaletik, baina egitasmoak aurreko legegintzaldian du abiapuntua». Jeltzaleek esan dutenez, orduan hasi ziren lehen izapideak, batez ere Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatu zen akordioaren bitartez: «Negoziazio prozesu luze baten ostean, aldundiak emango zuen 550.000 eurotako laguntza lortu zen».
Bestetik, zubia eraikitzeko lanetarako lehen proiektu bat egin zela esan dute. Horrenbestez, oraingo udalaren ardurapeko lanak erakunde ezberdinekin lotu beharreko baimenak lortzea, lehiaketa publikoa egitea eta adjudikazio prozesua betetzea izan direla diote. «Denbora ederra galdu dute zeregin horietan azken bi urteotan». Are gehiago, Bilduk eta Aralar alderdiek «epeltasunez eta zalantzaz» jokatu izana salatu dute, beste zenbaitetan proiektuaren «kontrako jarrera» ere erakutsiz. Hori ez eze, aldundiak emandako diru laguntza itzultzeko arriskua ere egon dela nabarmendu dute, eta hori gertatu ez bada, EAJren eskariz foru erakundeak Markina-Xemeinen aldeko apustua mantendu duelako dela.
Amaitzeko, Barroetako zubia «beharrezkotzat» jo du alderdi jeltzaleak, batez ere Arretxinaga inguruko zirkulazioari konponbidea emateko baliagarria izango delako.