Herribusa bi aldiz igoko da ikastolaraino, autobusak bidaia batean eraman ditzakeen bidaiariak baino gehiago dira-eta bertara autobusez igo nahi duten herritarrak.
Moldaketa horrekin zerbitzua erabili nahi duten guztiei erantzutea da asmoa. «Autobusean ezin daiteke inor zutik joan; legeak hala agintzen du-eta», azaldu du Joxean Agirregomezkorta gobernazio batzordeburuak.
Herribusean hamabost leku daude, eta ezinduentzako leku bat. Hori kontuan hartuta, udalak herritarrei eskatu die «ahal duten heinean» herribuseko eserlekuak umeei lagatzeko. «Umeei laguntzera autobusean igotzen diren nagusiak asko dira. Bakarrik joateko adinean daudenei euren kabuz joaten uzteko eskatzen diegu, mesedez, edota ados jarri eta arduradun bakarreko ume taldeak antolatzeko», adierazi du Agirregomezkortak.
Ikastolara heltzean zebra bidearen parez pare geldituko da Herribusa, eta umeek udaltzainen laguntza ere edukiko dute. «Ez-ohiko gertaeraren bat ez bada, behintzat, udaltzain bat bertan egongo da umeak ikastolara bideratzeko», ziurtatu du.
Ibilbidea, motzagoa
Bi buelta egin ahal izateko ibilbidea moztu egin behar izan du udalak: 08:40ean komentutik aterako da herribusa, eta Txanbolinen egongo da beste geltokia. Umeak ikastolan laga ondoren, Txanbolingo biribilgunera jaitsiko da, handik berriro ikastolara igotzeko. Izan ere, lehenengo bueltan herribusa komentuan beteko balitz, Txanbolinen ezingo da gelditu, barruan doazen guztiak «nahi eta nahi ez» jarrita joan behar direlako.