Gaizka Likona: "Ez daukagu ezer ezkutatzeko, gure jarduna demokratikoa izan da"
Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu eta jarraian, Gaizka Likona (Lekeitio, 1984) lekeitiarrak epailearen aurrean esan duena berretsi nahi izan du.
Zelan joan da epaiketako lehenengo eguna?
Lehenengo egunak itxura nahiko ona eduki duela esan dezaket.
Abokatuaren galderei erantzun diezue bakarrik, ezta?
Fiskalaren galderei ez diegu erantzun. Ez dogu ontzat hartzen fiskala eta fiskalak ordezkatzen daben guztia. Fiskala Estatuaren ordezkaria da epaiketa horretan. Eta estatua bera da epaiketa horretan gu atxilotu, torturatu eta jende asko kartzelara eraman duena. Beraz, horren aurrean, fiskalari, alegia, Estatuari ez erantzutea erabaki dugu.
Torturapean egindako adierazpenak nabarmendu nahi izan dituzue?
Epaiketa horretan oinarritzen da. Epaiketa politiko bat da eta proba nagusiak ekintzak publikoak (prentsaurrekoak, manifestazioak,…) eta torturapean egindako adierazpenak. Torturatuak izan diren pertsonak torturak noiz eta zelan izan ziren azaldu dute, zehatz gainera.
Zuk zeuk, jarduera politikoa zilegia dela nabarmendu nahi izan duzu zure deklarazioan.
Orokorrean guztiok egin dugun aldarrikapena da hori. Eta nik ere horrekin bat egin du. Ez daukagu inondik inora ezer ezkutatzeko. Jarduera politikoa egin dugu. Eta nire deklarazioan aipatu dut guztiz demokratikoa den jarduera politikoa gauzatu dugula. Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu dugu, alegia, herri langilearen bizi baldintzak hobetzearen alde egin dugu lan. Beraz, jarduera guztiz politikoa izan da. Deklarazioan esan modura, jarduera politikoa egin dugun heinean, orain arte egin modura, aurrera begira ere jarduera politikoarekin jarraitzeko konpromisoa erakutsi dugu. Militantzia politikoa be aldarrikatu nahi izan dugu. Gainera, militantzia politiko hori egun bizi dugun fase politiko berrira egokituta dago. Horregatik, behin da barriro, interpelatu dugu bai estatua baina batez ere estatuaren esku dagoen aparato judiziala. Egoera barriro egokitu behar direla eta epaiketa hauek eten egin behar direla.
Gaur gauean Iruñean pasatutakoa presente eduki duzue epaiketan.
Nahiko urduri jarraitu genuen atzo bertako giroa. Bertatik atera ginen auzipetu guztiok eta bertan utzi genuen panorama guztia ikusita, zer edo zer egitea pentsatu genuen. Horren aurrean, sinbolikoki bada ere, adierazpenak egitea pentsatu genuen. Horregatik joan gara laranja kolorez jantzita, Euskal Herriko herri harresi guztien koloreagaz. Epaiketa hasi aurretik puxikak puztu ditugu eta epailea astoratu egin da, urduri ipini da, eta kaleratu egin gaitu. Hankaz gora utzi dugu. Baina berdin digu, azken finean, epaiketa horren emaitza Estatuak erabakiko du. Guretzat aldarrikapen politikoa egiteko modua izan da.
Deklarazioa egin eta gero, zuk amaitu duzu?
Printzipioz nik deklarazio hau eginda, amaitu dut. Zurinek ez dakigu bihar edo etzi deklaratuko duen, baina dena dela, guztiok batera egongo gara Madrilen, dena bukatu arte.