Arrantza sektorean andreen lana aitortzeko eskatu dute Bruselan
Euskal Herriko sareginen, neskatilen eta paketegileen ordezkariak Bruselan izan dira, eta beren lanbidea aitortzeko eskatu dute bertan. Izaskun Bilbao Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) eurodiputatuak gonbidatuta, Europako Parlamentuko Arrantza Batzordeak eta Emakume Batzordeak antolatutako agerraldian parte hartu ahal izan dute.
Lanbidea aitortua izan dadin eskatzeaz gain, itsasoko erregimen berezian koefiziente murriztaileak aplikatzeko eskatu dute, erretiroko pentsioa jasotzeko behar duten gutxieneko adina aldatzeko: Lanbideak berak eragindako gaixotasunak lan-gaixotasun bezala har ditzaten ere eskatu dute; intrusismoaren aurkako borroka egin dezaten, eta etenaldi biologikoak gertatzen direnean edo arrantzaldiak ixten direnean arrantzaleek jasotzen dituzten laguntzak jasotzeko eskubidea izatea ere eskatu dute.