“Herrira kriminalizatu nahi dutenak babesten ari da Mutrikuko Berdeak”. Horixe adierazi du Mutrikuko Tantaz Tanta herri ekimenak, azken ez ohiko osoko bilkuran Berdeak udal taldeak Herriraren mozioaren aurrean abstentzioa bozkatu eta gero.
Tantaz Tantak gogoratu du Herrira duela urte eta erdi inguru jaio zela, herritar mugimendu anitz bezala, euskal preso eta iheslarien herriratzea eta gaixotasun larriak eta zigorra betea dutenen askatasuna lortzeko helburuarekin. “Herrirak beti lan egin du gatazka politikoaren irtenbidea, giza eskubideak eta bakea helburu duela, bere bitartekoak gizarte aktibazioa eta mobilizazioa izan dira, urtero manifestazio erraldoiak antolatuz eta herriz herri dinamika desberdinak aurrera eramanez”.
Espainiako Gobernuak Herrira mugimendua “ETA dela esanez” kriminalizatu nahi izatea ez zaiela “harrigarria egiten” adierazi dute, “bere ibilbidea ikusita”. Baina Mutrikuko Berdeak udal taldeak Herriraren mozioaren aurrean abstentzioa bozkatu izana ez dela ulergarria iritzi diote: “Abstentzioa agertzen duzuenean, zalantzarik gabe, bidea zabaltzen diozue Espainiako Gobernuari. Aitzakia merkea erabiltzen duzue, eskuak garbitzeko, zuen artean iritzi desberdinak daudela esanez.
Naturaren izenean lan egiteak ez dizue inongo eskubiderik ematen, alderdi politiko bat zareten heinean, giza eskubideen urraketen aurrean beste alde batera begiratzeko” .
Mozioak Bilduren eta EAJren babesa jaso zuen, eta haiei “eskerrak” eman nahi izan dizkiete. “Berdeei ezin diegu ezer eskertu”.