Iazko azaroaren 19an jausitako etxebizitza guztiz bota eta errepide inguruak konponduko dituzte. Hala ziurtatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako saileko teknikariek.
Etxea erori zenetik, udala eta aldundia eta etxebizitzaren jabeak hartu-emanetan egon dira, eta
egin beharreko lanak aldundiak bere gain hartzea adostua dute. Joan den astean, esaterako, aldundiko teknikariek gertaeraren lekua aztertu zuten udal teknikariekin batera. Adierazi zutenez, lehendabizi erdi erorita dagoen etxebizitza botako dute, eta errepidearen parean gelditzen den paretarekin hasiko dira ondoren. «Orduan izango da gertaeraren nondik norakoak guztiz argitzeko unea, eta hala egingo dutela adierazi dute», azaldu du udal aparejadoreak.
Udaleko ordezkariak eta Jaurlaritzako teknikariak, lur jausiaren lekuan
Agirre Lehendakaria kalean egin beharreko obra guztia Bide Azpiegituren sailak ordainduko du, eta Altuna eta Uria enpresak egingo du. «Asteon ingurua mugatzeko eta lanean hasteko materiala hara eramango dutela eta datorren astean lanean hasteko moduan izango direla ziurtatu dute».
Konponketak egin bitartean, GI-638 errepideko zirkulazioa semaforo bidez bideratuko dute, gertaeraren ondorengo egunetan egin bezalaxe.