Gaur jakin da berria:
Fagor Etxetresnak Arrasateko enpresaren etorkizuna kolokan dago. Enpresa Mondragon taldearen bigarren erreskatearen zain egon da, aste honetan zorrak ordaintzen hasteko esperantzan. Baina heldu ez denez, konkurtso legera jo dute. Seguruenik erabaki latzak hartu beharko ditu enpresak planta ixteari eta lanpostuei dagokienez. Momentuz, konkurtso legera jo dute, eta lau hilabeteko epea edukiko dute hartzekodunekin akordiora heltzeko. Hortik aurrera konkurtso legeak aurrera egingo du.
Maiatzean 70 milioi euroko funtsa osatu zuen Mondragon taldeak Fagorren alde jartzeko, kooperatiba guztien oniritziagaz. Baina bigarren erreskatea ez da egin orain, eta ez zaio urgentziazko likidezia hori helduko.
Fagor Arrasate enpresa itxiko balitz,
Lea-Artibai eta Mutrikuko enpresek ere ondorioak jasango lituzkete. Batzuk, jadanik, ondorioak igartzen hasita daude.
Besteak beste, Etxebarriko Fagor Arrasate eta Eika eta Berriatuko Cikautxo enpresetan ere edukiko luke eragina, oraindik datu zehatzik ez badago ere.
Etxebarriko Fagor Arrasate kooperatibako instalazioak tresneria industriala ekoizten badu ere, Fagor taldean dago. Beraz, langileek diotenez, nola halako ondorioak jasango ditu bertoko lantokiak, oraindik zein dimentsiotan izango diren jakin ez arren.
Eika Etxebarriko enpresan igartzen hasita daude itxiera. Langile batzuen esanetan, Fagor Etxetresnaken itxiera lau haizetara orain zabaldu bada ere, barri txarra lehenagotik somatzen zen. «Eikak Fagor Etxetresnakentzako hainbat material egiten zituen eta zorrak zirela eta, hornikuntza etetea erabaki zuten Eikako arduradunek». Izan ere,
langileen esanetan, Fagorrek ez zituen ordainketak egiten. Bada, horrek eragin zuzena eduki duela diote langileek. «Hilaren 11tik 31ra lanean zeuden guztiei ez zaie kontratua berriztatuko, 50 langileri», azaldu dute.
Etxebarriko alkate Jesus Iriondok herriarentzako albiste tristea dela eta eragina nabarmena izango dela esan du, besteak beste
Itxiera baieztatuko balitz, bertoko herri batzuek kalte handiak edukiko lituzkete.
Etxebarriko alkateak adierazi duenez adibidez, Etxebarri herrira «kalte argia» ekarriko du itxiera honek. Besteak beste, Eika enpresan 50 laguni kontratua ez berrizteak zuzen eragiten du herrian. Hori eta etor litezkeen ondorio gehiago. «Herriarentzako albiste tristea da, nabarmen eragingo du», esan du Jesus Iriondo alkateak.
Etxebarrin bakarrik ez,
bertoko beste herrietan ere edukiko luke eragina, eta ondorio larriak ekar ditzake gainera.