Etxebarriko Talleres Mecanicos Arakistain enpresako langileak barikuan hasiko dira deklaratzen
Gernika-Lumoko epaitegian.
Momentuz,
David Gonzalez Tello LABeko afiliatuak eta
Alexis Rodriguez Lopez TMAko LABeko delegatuak deklaratu behar dute. Langile biez gain,
Jobi Alkorta LABeko Busturialdeko eta Lea-Artibaiko metalgintza arduradunak ere deklaratu beharko du, lekukoa izango da.
Rafael Zabalak eta Patxi Arakistainek, TMA eta Laserlan enpresetako gaur egungo eta lehengo ugazabek,
gutxienez bost salaketa jarri dituzte
langileen kontra, eta «askatasunaren kontrako delitua eta ondarearen eta orden sozioekonomikoaren kontrako delituak» egozten dizkiete.
LAB-ek dioenez, «momentuz» hiru horiek joan beharko dira deklaratzera, baina
gehiagori ere dei egin diezaiekete. Izan ere, herenegun Rafael Zabala ugazabak deklaratu zuen epaitegian bere akusazioa baieztatzeko. «LABeko abokatua deklarazioan egon zen, eta Zabalaren deklarazioetatik ondorioztatzen dugu, akusazioak gogortu nahi dituela», diote.
Abokatuaren esanetan, Jobi Alkortari buruz deklaratu du, bera dela «honen guztiaren antolatzailea» esanez. Bestetik, Bittor Peso Laserlaneko LAB-eko delegatua ere aipatu du, baita Oihana Viso LABeko ekonomilaria ere. Langile gehiago ere aipatu ditu. Horregatik, LABek uste du horiek deklaratzera dei ditzaketela.
Durangoko LABeko egoitza ere aipatu duela esan du abokatuak, langileak egoitzatik atera zirelako eskuorriekin eta kamisetekin.
LABek deituta,
bariku goizean elkarretaratzea egingo dute
Gernika-Lumoko epaitegi aurrean 9:00etatik 12:00etara. 11:30ean agerraldia egingo du LAB-ek hantxe bertan.
Epaileak LABeko abokatuari esan dionez, elkarretaratzea egiteagatik diligentziak ireki ditzake. Momentuz elkarretaratzeagaz «aurrera» jarraituko du LABek, baina «debekurik baletor», Merkurio Plazan egingo lukete elkarretaratzea eta agerraldia.