«Guk Tantaz Tanta ekimenaren lana errespetatzen dugun heinean gauza bera eskatzen diegu beraiei». Horixe adierazi du Mutrikuko Berdeak+Independienteak udal taldeak
Herriraren gaineko mozioaren gainean sortutako eztabaidaren inguruan, «nirekin bat edo nire kontra» bezalako jarrerak alde batera utzi beharra dagoela benetan sinisten dutela nabarmenduz.
Berdeak udal taldearen iritziz, osoko bilkuran adierazitako hitzak ez datoz bat Tantaz Tantak «giza eskubideen urraketen aurrean beste alde batera begiratzen» daudela edota «eskuak garbitzen» modu sendo baten leporatzen dietenean. Horren harira, udalbatzarrean esandakoa berretsi nahi izan dute: «Bakezaletasuna eta giza eskubide guztien defentsa gure udal taldearen oinarri finkoak dira. Zentzu horretan Mutrikuko Berdeak+Independienteak udal taldeak Herrira-ko kideen atxiloketa eta elkarte honen aktibitatearen etenaren inguruan egon izan daitekeen eskubide zibil, elkartze eta demokratikoen urraketa salatzen dugu».
Herrigintzan finkaturiko udal taldea izanik, Herrira-ren mozioaren inguruan abstenitzea «bakoitzak maila pertsonalean eta askatasun osoz» erabakitzen duela esan dute.
Errespetua, jardunari
Gaineratu dutenez, mozioaren azalpenean eta igorritako puntuetan ez zuen parte hartu B+I udal taldeak. Testua ez ohiko bilkura baino bi egun lehenago PDF artxibo batean ailegatu zitzaiela azaldu dute, eta bertan, testuinguru eta irakurketa politiko zabal bat deskribatzen zela, «konpartitu daitekeena edo ez». Taldean mozioari buruz eztabaidatu ondoren, Herrira-ko kideen eskubideeen defentsa «lehenestea» erabaki zutela argitu dute, edozeren gainetik mozioaren azalpen politikoarekin bat egitea taldekide bakoitzari utziz.
Amaitzeko, Berdeak+Independienteak udal taldeak errespetu osoa adierazi nahi izan dio Tantaz -Tantak euskal preso politikoen eta beraien eskubideen alde egiten duen lan guztiari.