Zamarrei buruzko parte hartze prozesua jarriko dute martxan Lekeition
Birziklapen tasak hobetuko dituen kudeaketa sistema bat diseinatu nahi du udalak. Momentu honetan birziklapen tasa %27koa da, eta tasa hori igo nahi dute udalek.
Lea-Artibaiko mankomunitatea osatzen duten 10 udalerriek hondakin bilketa zerbitzua mankomunatuta daukate, hau da, bateratuta eman behar dute. Orain arte, kontratu hori Urbasa enpresagaz zeukaten, baina 2013ko abenduaren 31n amaitu egiten da kontratua. Hori kontuan edukita, mankomunitateak zerbitzua berriro esleitu baino lehen, gaur egungo egoeraren diagnostikoa egin behar dela erabaki zen. Gero, horretan oinarriturik, kudeaketa sistema bat diseinatu nahi dute.
Diagnostiko hori egiteko Spora enpresa kontratatu zen, eta orain, diagnostikoa eginda, herritarrekin kontrastatu nahi dute udalek.
Hori dela eta, Lekeitioko udalak parte hartze prozesua jarri nahi du martxan herritar guztiekin informazioa partekatu eta erabakiak hartzeko.
Hurrengoak izango dira hitzorduak:
Urriaren 22an, martitzena, 11:00etan.
Urriaren 23an, eguaztena, 15:00etan.
Urriaren 28an, astelehena, 19:00etan.
Batzar guztiak kultur etxeko Azkue aretoan izango dira.Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu batzarretan parte hartzera.