Aurrera-Getariako, Zaldupen, laugarren jardunaldian
Berio futbol taldeagaz berdinduta daude Xepe Gallastegiren mutilak, puntuetan. 11 puntu dauzkate biek, liga oso orekatua izango denaren isla.
Asteburuan gorako postuei eusteko behar zituzten hiru puntuak eskuratu zituzten Zaldupen. Ostadarri gutxienekoagatik irabazi zioten, 1-0, partidu lehiatuan, partidu parekatuan. Iraitzek egin zuen garaipenaren gola, 22. minutuan, Aritz Solabarrietaren jokaldi bikain bati amaiera ezinhobea emanaz. Solabarrietak egonkortasuna eta esperientzia ematen dizkio, duda barik, taldeari.
Aurrera Kirol Elkarteko arduradunak «pozik» daude taldea denboraldi hasieran ematen ari den mailagaz. Sei partidu baino ez dira jokatu oraindik, denboraldia hasi besterik ez da egin, baina taldea ondo ari da lan egiten, eta emaitzak hor daude. Lehen partiduak ikusita, denboraldian «hor goian» segitzea izango da helburua. «Ilusionatuta gaude, eta ahal duguna egingo dugu goiko postuen borrokan egoteko», adierazi du Eladino Gonzalez Aurrerako presidenteak.
Aurrera-Vasconia
Aurreraren hurrengo norgehiagoka ikusteko ez da asteburura arte zain egon beharrik egongo. Barikuan jokatuko da, Zaldupen berriro, 17:30ean. Vasconia izango da talde bisitaria. Zazpigarren daude baskoniarrak, 8 puntugaz.
Baja asko eta fitxaketa garrantzitsuak
Sei-zazpi bajagaz hasi du 2013-2014 denboraldia Aurrerak: Ibai Aramaiok, Mikel Aramaiok eta Ederrek futbola laga dute, eta Julen Uribesalgo eta Eneko, hurrenez hurren, Elgoibarrera eta Bergarara joan dira. Bien artean 30 gol sartu zituzten iaz, eta lehen partiduetan «pixka bat» igarri da hori. Fitxaketarik ere ez da falta izan, eta ez dira edozelakoak izan: Aritz Solabarrietak eta Iker Lasartek Zaldupera buelta egin dute. Eta Diego Conde, Jon Sarasua eta Unai Montes taldean daude aurten. Horrez gain, Unai Urkiri berreskuratu dute, zelai erdian jokatzeko, iaz min hartuta egon eta gero. Partiduz partidu, itxura hartzen doa nagusien taldea