Bosgarren bider kantatuko du aurten Iratxe Ibarrak (Markina-Xemein, 1974)
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Oionen (Araba) jokatuko den azken finalaurrekoan kantatuko du markinarrak, beste bost bertsolarigaz batera. Zapatuan bertan erabakiko da txapelketan aurrera egingo duen edo ez.
Zein aldartegaz zoaz Oionera?
Euskal Herriko txapelketak orain arte ez zaizkit nahi moduan atera. Lehenengo parte hartzeetan saio eskasak egin nituen, eta azkenengo bietan saioagaz gustora geratu nintzen, baina ez nuen aurrera egin. Oraingo honetan uste dut sartzeko aukera badaukadala, kontuan hartuta aurreko saioetan finalaurrekoetara pasatu zitezkeen batzuk huts egin dutela. Baina hori ezin izaten da jakin. Txapelketako emaitzak daukazun egunaren araberakoa izaten da sarritan.
Oiongo beste kantukideen aurrean zelan ikusten duzu zeure burua?
Beste bizkaitar biekin [Miren Amuriza eta Etxahun Lekue] askotan kantatu izan dut, eta hori eskertzen da txapelketan, kantulaguna ezagutzea. Manex Agirregaz inoiz kantatu dut, baina iparraldeko biekin sekula ere ez. Bertsotan sekula egin ez duzunekin ez da jakiten nondik jo dezaketen, ezagunekin normalean konplizitate handiagoa egoten da. Baina ikusiko dugu zelan joaten den.
Azken finalaurrekoa denez, presio gehiago sentitzen duzu?
Norberak ez dut uste hori sentitzen duenik, baina publikoaren aldetik egoten da tentsio hori. Azken finalaurrekoa denez badakizu zein puntuazio behar duzun aurrera egiteko, hori bai. Baina horrek ez dut uste norbere kantatzeko eran eragiten duenik. Bakoitza ahal duenik eta ondoen kantatzera joaten da, eta horretan ez du eragiten lehenengo edo azkenengo kanporaketa izan.
Zelan prestatu duzu Euskal Herriko txapelketa?
Betiko antzera. Euskal Herriko txapelketan pasatzen zaidana da ez dagoela eskualdeko beste inor. Bizkaiko txapelketarako elkarregaz entrenatzen dugu bertokook, eta beste giro bat sortzen da txapelketaren inguruan. Oraingoan Joseba Artzagaz ibili naiz entrenatzen, eta hori asko eskertzen dut, bera ez dagoelako sailkatuta eta hala ere elkarregaz entrenatu dugulako. Orain, azken hiru asteetan Beñat Ugartetxeagaz, Miren Amurizagaz eta Oihana Bartragaz ere elkartu naiz Mallabian, eta niri ederto etorri zait entrenatzeko, gertutasunagatik.
Gazte asko dago aurten ere txapelketan.
Bai, gazteak bai, baina esperientzia handikoak dira. Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Miren Amuriza, Jone Uria… euren herrialdeetan eta Euskal Herriko Txapelketan ere esperientzia daukaten bertsolariak dira. Gainera, plazaz plaza ere asko ari dira kantatzen.
Zer espero duzu BEC-eko final handirako?
Nik betiko izenak ikusten ditut finalean. Andoni Egaña ez dago, baina azkenekoan finalean egon ez zen Igor Elortzaren izena sartuko nuke. Uste dut, zortzi horietatik sei edo zazpi finalean egongo direla. Berriren bat sartzekotan, Beñat Gaztelumendi esango nuke. Ondo dabil eta bertsotan egin egiten du.Uste dut zortzikotea ez dela asko aldatuko.