![LABek goizean emandako prentsaurrekoa](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2013/10/186338-300x200.jpg)
LABek goizean emandako prentsaurrekoa
Gaur goizean Bizkaiko kontserberetan lan egiten duten emakumeen egoera salatu du LAB sindikatuak, Bilbon emandako prentsaurrekoan. Bereziki, Espainiako Gobernuak “inposatu” duen lan erreformaren ostean sektore horretako emakumeek bizi duten errealitatea azaldu dute.
Bizkaian, arrain kontserba eta gazituen sektorean lanean diharduten 1.000 langile inguru daude, horietatik %80tik gora andrak direla gogorarazi dute sindikatutik. Enpresek mozkinak izaten jarraitzen duten arren, langileek 700 eta 800 euro arteko soldatak jasotzen dituztela jakinarazi du LAB sindikatuak. Agurne Gaubeka Lea Artibai eta Busturialdeko zerbitzu pribatuetako arduradunaren esanetan, “kontuan izatekoa da, gainera, kasu gehienetan aldizkako kontratu mugagabeak izaten dituztela langileek eta ez dutela urte osoan lan egiten eta langabeziara bidaltzen dituzten garaiak daudela”.
Soldatak eta lan baldintzak arautzen dituen negoziazio kolektiboaren garrantzia azpimarratu dute goizeko prentsaurrekoan. Hala ere, LABek azaldu legez, “inposatu diguten lan erreformaren ondorioz, lan baldintzak negoziatzetik inposatzera, eta adostasun kolektiboetatik harreman indibidualizatuetara pasatzea bilatzen ari dira”.
Kontserberetako Bizkaiko hitzarmena azkenekoz 2003 urtean sinatu zuten, eta lau urte beranduago CCOO eta UGTk eragin mugatuko hitzarmen bat sinatu zuten. “Beraz, 2003 edo 2007tik dituzte enpresek euren lan baldintzak berritu gabe”. Enpresa gehienak, soldatak eta lanaldiak mantentzen ari direla azaldu du LAB sindikatuak, baina abendura arteko epea eman die langileei, kontratazio berrietan, berriz, hitzarmen estatala aplikatzen ari direla salatu dute: “soldata baxuagoak ezartzeaz gain, lan orduak, baimenak, ezgaitasun arruntengaitik zituzten bajatako konplementuak kendu nahi dizkiete, besteren artean. Hau da, Madrilen negoziatu zituzten lan baldintzak aplikatzen ari dira”. Hala, Espainiako hitzarmenaren arabera, urtean 600 euro gutxiago irabaziko lukete langileek, eta kasu batzuetan 8 ordutik gorako lanaldiekin gainera.
Auzia epaitegietan
LAB sindikatuaren arabera, Bizkaiko kontserberetako hitzarmenak ultraktibitatea du eta horien iritziz, beste berri bat sinatu bitartean lan baldintza berdinak mantendu behar dira. Auzi hori epaitegietan dagoela aipatu dute, eta sindikatua, gainera, itxaropentsu agertu da. Izan ere, aste honetan, Bizkaiko grafikagintzako sektorean epaileak antzeko kasu batean arrazoia eman die langileei.