%80 Baietz dauka izena taldeak. Lekeitioko herritar batzuek sortu dute,
“hondakinen gaiagaz kezkatuta” daudelako. “Gaur egun daroagun bizimodu eta kontsumo ereduak hondakin asko sortzera bultzatzen gaitu eta, gainera, hondakin gehienak nahastuta botatzen ditugu edukiontzi berdeetara”, esan dute. Horregatik,
“murriztu, berrerabili eta birziklatu” printzipioari jarraituta,
Lekeitioko egoera “irauli” nahi dutela esan dute.
Lekeitiar bakoitzak
400 kilo zamar sortzen du urtean. Horietatik
%30a bakarrik biltzen da gaika, hau da, %30 birtziklatzen da.
Beste %70a nahasian jasotzen da eta zabortegietan pilatu edo Zabalgarbiren erraustegietan erretzen da. “Zabortegia zein erraustegia, biak dira kutsakorrak oso, eta ez diote hondakinen arazoa konpontzeari batere laguntzen”, esan dute %80 baietz taldekoek.
Lehenengo pausoa
hondakin kopurua murriztea dela esan dute: “Kontsumitzaileon esku dago, kasu gehienetan, zabor gehiago edo gutxiago sortuko duten produktuak erostea”, esan dute. Eta udalak ere zeregina badaukala esan dute: jaietako material berrerabilgarria eskuratu, plastikozko ontziak banatu edota esnea saltzeko makina jarri, adibidez.
Murrizteagaz batera,
materialak berrerabiltzea ere bultzatu nahi dute: “Materia organikoa berrerabili eta ongarri bihurtzeko autokonposta eta auzokonposta bultzatu nahi ditugu”, esan dute.
Azkenik,
sortutakoa birziklatu egin behar dela esan dute, eta “ezinbestean” tasak igo egin behar direla. “Gaur eguneko gaikako bilketa tasak txikiegiak dira, onartezinak, eta egoera iraultzeko neurri zehatzak hartu behar dira”, azaldu dute. Horretarako bilketa sistema aldatu beharra dagoela esan dute.
Lea-Artibaiko amankomunazgoak gaur egungo enpresagaz daukan
kontratua abenduan amaitzen da. Horregatik, azterketa desberdinak egin dira, eta urtea amaitu baino lehen erabaki behar da hurrengo sistema zein izan behar den. “Gaur egungo edukiontzien borondatezko erabilpenak ez du emaitza onik eman, eta %30eko gaikako bilketan kateatuta gaude”, esan dute %80baietz taldekoek. “Gure iritziz, kutsatzea ezin da aukera bat izan”.
%80 baietz taldekoak udalagaz batzartu dira euren proposamenak aurkezteko. “Udalak aurrera begira pausoak emateko konpromisoa agertu zuen”, esan dute.
Horrez gain, hitzaldiak ere eman dituzte kultur etxean eta jubilatuen egoitzan, eta orain, ikastolara eta eskolara ere joango dira. Gainera, informazioa banatzen eta herritarrak kontzientziatzen ere jarraituko dutela esan dute. “Lekeition hondakin gutxiago sortu eta sortzen dena gaika ongi biltzeko pausoak ematen jarraituko dugu,
helburu argiagaz: hondakinen %80a selektiboki biltzea”.