Azaroaren 24tik 30era bitartean egingo da euskara hutsez egiten den zinemaldi bakarra. Gaur egin dute aurkezpena talde antolatzaileak.
Hasiera ekitaldia azaroaren 24an bertan egingo da. Horretan, Mireia Gabilondok eta Karmele Jaiok
Amaren eskuak filma aurkeztuko dute.
Bestetik, lehiaketara aurkeztutako
film laburrak azaroaren 26tik aurrera ikusi ahal izango dira
Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan. Aurten, barrikuntza moduan, Ikusgarri aretoaren kanpoan pantaila handi bat jarriko dutela jakin eragin dute antolatzaileek, “ikuskizun guztiak kanpotik ikusi ahal izateko”. Aste barruan 19:30ean hasiko dira emanaldiak, eta zapatuetan goizetan ere egongo dira.
Aurtengoa ondo amaitzeko, antolatzaileek
amaiera ekitaldi berezia prestatu dutela esan dute: “Eneritz Artetxe Gernika-Lumoko aktorearen eskutik emozioz beteriko ekitaldia prestatu dugu”, esan dute. Urtzi Iriondoren musika zuzenean, Ana Clararen akrobaziak eta Ana Krusa dantza taldearen ikuskizuna egongo dira ekitaldi berezian.+
Erantzun zabala
Antolatzaileen esanetan, euskal zinemagintzak “erantzun” egin dio zine bilerako deialdiari. Izan ere,
54 zinegilek hartuko dute parte lehiaketan: 19 zinegile profesionalek eta 24 amateurrek. “Euskal zinemagintzak bete-betean erantzun dio deialdiari”, esan dute.
Hiru motako lanak saritzen ziren orain arte: sormen lanak, argumentuzkoak eta dokumentalak edo erreportajeak. Hala ere, jaialdiaren izaera eta koherentzia “berritu” nahian, aurtendik aurrera sarituko diren kategoriak ondokoak izango dira: zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, argazkia eta filmerik onena. Kategoria bakoitzean, alde batetik lan profesionalak sarituko dira eta amateurrak bestetik; hori, urtero moduan. Profesionalen saria antzarra eta 1.620 euro izango dira; amateurrena, ostera, antzarra eta 1.100 euro.
Antolatzaileek jakin eragin dutenez, amateurretan bizkaitarrak izan dira gehien aurkeztu direnak; profesionaletan, ostera, gipuzkoarrak. “Badira Nafarroatik eta Lapurditik aurkeztu diren beharrak ere”, nabarmendu dute.
Aurtengo beste berrikuntzetako bat
gazteentzako saria izango da: Gazte 22 saria. 1991tik aurrera jaiotako parte hartzaileei zuzenduta dago. 9 lan aurkeztu dira, eta irabazleak 600 euro eta antzarra lortuko ditu. “Euskal Zine Bilerak bidea egigten lagundu nahi die zinegile hasiberriei”, esan dute antolatzaileek.
Lehiaketako epaimahaia
Aurten ere zinemagintzako sektoreko
profesionalez josi dute epaimahaia, eta hurrengoek osatuko dute: Mireia Gabilondo, Imanol Rayo, Patxo Telleria, Jabi Elortegi, Arantza Lauzirika Morea eta Natxo Rodriguez Arkaute. Guztiak dira zine munduagaz zerikusia duten profesionalak.
Aurtengo kartela
Iker Ayestaran ilustratzaileak egin du 2013ko kartela. Zine eta Bilera kontzeptuetan oinarrituta, kartelean, filmaren perforazioak bere lekutik atera eta erdian bileraren ideia irudikatzen da. “Kontzeptuala, grafikoa eta inpaktu handiko kartela da aurtengoa”, esan dute antolatzaileek.