Mendexako Zelaia plazako eraikin hutsa gimnasio bihurtzeko lanetan dabil udala, eta azaroaren erdialderako prest izan nahi du guztia. 200 metro karratu baino gehiago dituen espazio horrek aldagelak, biltegia eta gimnasia egiteko tokia bera bilduko ditu lanak bukatutakoan. Lanok gauzatzeko udala 105.000 euroko aurrekontuaz baliatu dela jakinarazi du Mendexako alkate Jesus Anakabek. Aurrekontuaren %46a, baina, dirulaguntzen bitartez ordainduko dutela azaldu du Anakabek, eta, gainontzeko dirua udalak berak jarriko duela.
Eraikina bera atontzeko ez ezik, horrek bilduko duen makinaria guztia ordaintzeko erabiliko dute diru kopuru hori; izan ere, mendexarrak esan duenez, “eliptika bat, lasterka egiteko zinta, bizikleta estatiko bi eta ergometroa eta muskulazio-makinak” izango dira gimnasio berri horretan.
Anakabek aipatu duenez, “herrikoek zein kanpokoek erabili ahalko dute gimnasioa”. Hala hasiko dute, momentuz, behintzat, bere funtzionamendua. Dena den, Mendexan erroldatutakoentzako kuota jakin bat izango da, eta ez erroldatutakoentzako, berriz, beste bat. Biek ala biek izango dute, beraz, gimnasioko bazkide egiteko aukera, hala funtzionatuko baitu herriko zerbitzu berriak. Bazkide, baina, urtarriletik aurrera izango dira interesa dutenak; izan ere, gimnasioa zabaltzen dutenetik abenduaren amaierara arte zerbitzua doan probatzeko aukera eskainiko die Mendexako Udalak herritarrei, eta hala, erabaki ahal izango dute herritarrek bazkide egin nahi diren edo ez.
Anakabek jakinarazi duenez, 06:00etatik 22:00etara erabili ahalko du zerbitzua gimnasioko bazkideak eta giltz elektronikoaren bitartez egin beharko du; hartara, “aukera izango da nor egon den eta ez den egon jakiteko”. Bazkide izan nahi duenak udaletxera jo beharko du –Mendexako Udalak bando bitartez jakinarazik du inskripzio epea– horretarako, eta bertan emango diote aipatu giltza.
Mendexako alkateak herritarrak animatu egin ditu gimnasioko zerbitzuaz gozatzera, “osasunerako ona da eta”.