Markina-Xemeingo
Udalak eta Asema senegaldarren elkarteak egindako Inmigrazioari eta matxismoari buruzko estereotipoak desmuntatzen mahaingurua «aberasgarria» izan zela esan dute bateko eta bestekoek. Ekimenak hogei lagun inguru batu zituen zapatu arratsaldean Markina-Xemeingo kultur aretoan.
Mahainguruak
bi helburu zituen: emakumeen kontrako indarkeriaren eta matxismoaren gorakada etorkinekin lotzen dituzten zurrumurruei kontra egitea eta etorkinak genero berdintasunaren alde egiten ari diren prozesua bistaratzea.
Asema elkartekoak, «gustura»
Helburuak beteta, Asema elkarteko kideak gustura geratu dira ekimenak eduki duen erantzunagaz. «Asema elkarteko senegaldar batzuk parte hartu zuten. Eta gustura geratu ziren. Orain, datorren urtean mahaingurua egiten denean, Asema elkartetik gainerako herritarrei ere parte hartzeko deia egiten diegu», argitu du Souleymane Sarr Asema elkarteko ordezkariak.
Orokorrean
ekintza bera «positiboa» izan zelan esan du Sarrek. «Estreinako egin genuen eta ondo atera da. Orain, helburua datorren urtean ere ekintza bera errepikatzea da. Eta orduan espero dugu jende gehiagok parte hartzea».
Hori bai,
datorren urtean barriro mahaingurua egiten dutenean, «beste forma batekin» egingo dutela aurreratu du Sarrek. «Eusko Jaurlaritzako Biltzen (Gizarteratzea eta kulturarteko bizikidetzaren euskal zerbitzua), Markina-Xemeingo Udalaren eta Asema elkartearen arteko elkarlanagaz egingo dugu barriro».
Udalaren balorazioa, «ona»
Markina-Xemeingo Udaleko berdintasun zinegotzi
Josune Baskaran ere pozik agertu da. «Lehenengo aldiz egin dugu eta pozik gaude edukitako erantzunagaz».
Ordu eta erdiko saioa izan zela gaineratu du Baskaranek. «Guztiok batu eta gaiaren inguruan berba egin genuen».
Baskaranek eta Sarrek bat egiten dute ekitaldia «aberasgarria» izan zela esatean. «Gizarte langilea ere bertan egon zen».
Horrela ba, lehenenengo mahaingurua egin eta gero, orain, ordezkariak datorren urtera begira jarri dira.