Astelehenean ez bada, datorren asteko barikua orduko zabalduko du Bizkaiko Foru Aldundiak zentroa. Igurko enpresak kudeatuko du, eta erabiltzaileak etxetik zentrora eraman eta jasotzeko zerbitzua Ondarroako Gurutze Gorriak egiteko eskaria egin diote enpresari. Hasiera batean, badirudi ez dela arazorik egongo hori horrela izateko. “Gurutze Gorria prest dago erabiltzaileen bila etxebizitzako ateraino joateko, eta hori oso aukera interesgarria iruditu zaio Igurcori”, azaldu du Rakel Elu Ondarroako Udaleko Gizarte Ongizateko arduradunak.
Hamabost erabiltzaile hartzeko prest dago eguneko zentroa. Hasiera batean, 4-5 erabiltzailegaz hasiko da martxan. “Uste dugu datorren astetik aurrera interesatu gehiago egongo direla”.
Urriaren 28an, lehen bisita
Joan den astelehenean, urriaren 28an eduki zuten erabiltzaileek eguneko zentroa bisitatzeko aukera. Eurekin egon ziren Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, Pilar Ardanza eta Sergio Murillo. “Ongizateko taldeei zuzenean bidali zieten gonbidapena aldundikoek”, Eluk esan duenez. Nahi dutenek datorren astean ere edukiko dute zentroa ikusterik, “jarduna martxan hasi aurretik”.