Juan Luis Santamaria (Barakaldo, 1967) psikologo kliniko psikoterapeutak mendekotasuna duten pertsonen senideei zuzendutako tailerra emango du hiru egunetan Munitibarko Oizpe egoitzan. Bertaratutakoen beharrizanak entzun ostean, gai ezberdinak proposatuko dizkie herritarrei.
Zer da azalduko duzuna hiru egunetako tailer horretan?
Menpeko pertsonak bere kargura edota egoitzan dituzten senideei zuzendutako tailer bat izango da. Hiru egunetan zehar, atsekabe aitzinatuarekin erlazioa duten euren beharrizanetara gerturatzen saiatuko naiz. Atsekabe aitzinatuak familiako bat galtzearekin dauka zerikusia. Iraganean, tradizioak erraztu egiten zuen nagusiaren zainketa, baina egun, gizarteak bizi dituen aldaketen ondorioz, mugatu egiten dira pertsonen beharrizanak nagusiak zaintzeari dagokionean. Denboraren antolaketak, garapen pertsonalak, gizarte, familia eta lan harremanek… zerikusi handia daukate. Normalean, psikologikoki eta fisikoki galerak somatzen hasten diren menpeko pertsonengan ematen da atsekabe aitzinatuaren prozesua.
Nola lagun daiteke menpeko pertsona?
Pertsona nagusiak –fisikoki zein psikologikoki okerrerantz egiten duenean– dituen erantzun emozionalen aurrean zein jarrera eduki jakin behar dute haren senide zein zaintzaileek; alegia, depresioaren eta dementziaren aurrean nola erantzun behar duten, horiek baitira sindromerik zailenak. Horregatik, zaintzaile horiei irakatsi egin behar zaie nola jokatu behar duten eta jarraitu egin behar da horiei segurtasuna adierazten. Halaber, tailer honen bitartez, erakutsi nahi diegu ikusten dutenaren aurrean ez direla izutu behar, bestela blokeatzeko arriskua dutelako. Hala gertatuko balitz, okerrera egingo luke bien harteko harremanak. Hala, tailer honetan ikusiko dute norberari bakarrik ez ezik, gainontzekoei ere gauza bera gertatzen zaiela, eta hori jakitea nahiko lasaigarria izaten da. Lasaitasun hori lortzeko ere jarraibide batzuk zehaztuko ditugu tailerrean.
Garrantzitsua da menpeko pertsona zaintzea, baina zaintzailea bera jagotea ere garrantzitsua izango da, ezta?
Zaintzailearen beharrizanak enpatizatu behar dira, horiek entzunaz eta bakarrik ez daudela erakutsiz. Horrez gain, laguntza psikologikoaren inguruko informazioa eta orientazioa ere eman behar zaie. Bestalde, garrantzitsua da zaintzaileek euren denbora antolatzea; euren zainketak, lasaitasuna eta aisialdirako denbora izatea.
Nola sentitzen dira zaintzaileak normalean?
Normalean munduagaz haserre egoten dira, senide bat zaintzeak sarritan higadura pertsonala ekartzen duelako; izan ere, pertsona nagusien zainketarako energia asko gorde behar izaten da. Norbere bizi proiektuarekiko zein gizartearekiko haserre handia izaten dute menpeko pertsonen senideek. Horrez gain, ekonomikoki ere higadura nabarmena izaten da, instituzioen aldetik laguntza eskasa dagoelako. Beraz, haserre hori guztia gero batu egin behar izaten da.
Arlo honetan ere eragina izan al dute murrizketek?
Murrizketek eragina izan dute, bai; norbere dirutik ordaindu behar da eta. Askok eta askok gaixo duten familiarra etxean zaintzen dute, egoitzan izateak kostu ekonomiko handia suposatzen duelako eta gastu hori ezin dutelako beregain hartu. Sarritan hori arazo bilakatzen da.
Mendeko pertsona bat egoitzan bezain ondo zaindu daiteke etxean?
Egoera bakoitzaren araberakoa da hori. Gaixoa zainduko duen pertsonaren bizi proiektua kontuan hartu behar da. Egia da gehienek etxean zaintzen dutela pertsona nagusia; horretarako izaten dira, gainera, diru laguntzak ere. Kontua da nola bermatu daitekeen pertsona bat etxean zaintzea. Egoitzan, esaterako, etengabeko zaintza du pertsona nagusiak eta, horrez gain, etxean eduki ezin daitekeen zainketa berezia ere badu. Egun, zaharren egoitzetan daudenen kopurua %5 da. Halaber, etxean nagusiak dituzten pertsona horiek ikusi behar dute, azken finean, ea zaintzailea konfiantzazkoa den, ea nagusiaren garbiketari dagokionez lan ona egiten duen… Garrantzitsua izango da baita familiakoek eurentzako denbora librea izatea; izan ere, uneoro nahi izaten dute pertsona nagusiaren kargu egin, eta hortik etortzen dira sarritan depresioak.
Depresio horiek saihesteko, beraz, garrantzitsuak izango dira azalduko duzun programa bezalakoak, ezta?
Hala da. Gainera, zaintzaileek eta familiaartekoek egiten duten lana aitortzeko era bat ere badira programa hauek. Hala, zainketaren esperientzia horretan bakarrik ez sentitzea lortzen dute; hori baita gizakiok askotan behar izaten duguna: bakarrik ez sentitzea.
Menpeko pertsona horiek geroz eta gehiago al dira?
Urteak dira pertsona horien kopuruak gora egiten jarraitzen duela, eta horren arrazoi nagusia bizi esperantza ere handiagoa dela da. 80 urtetik gorakoak gaixotasun gehiago pairatzen hasten dira, eta zailagoa da autonomia mantentzea. Autonomia hori indartzean datza gakoak, baina errealitatea bestelakoa da: geroz eta mendekotasun gehiago dago, pertsonek gehiago irauten dutelako bizitzan. Drama bat da hori, bai gaixoa pairatzen duten pertsonentzat eta baita haren inguruko lagun edo senideentzat ere.
[Elkarrizketa osoa bihar goizean egongo da irakurgai]
Menpeko pertsonen senideentzako tailerra
Eguna. Azaroaren 6an, 13an eta 20an.
Ordua. 17:30ean hasiko dira saioak.
Iraupena. Egun bakoitzean ordu eta erdi inguruko saioak izango dira.
Lekua. Munitibarko Oizpe egoitzan.
Izena ematea. Oizpe egoitzara deituta: 94-613 39 10.