Beldurgarria, zirraragarria, interesgarria eta dastagarria. Horrelakoa izan da Mutrikuko Gaba Beltza. Ekitaldiz ekitaldi, Txantxangorri aisialdi taldeak ume pilo bat batu zituen barikuan eta zapatuan Zabiel inguruan. Ondo baino hobeto pasatu zuten txikiek mamuen bueltan. Zapatu arratsaldea iritsita, Talaixako mamuaren erreketa aurretik, kalejira egin zen En la lona taldearekin. Oso jendetsua izan zen ekitaldia. Mutrikuko Gazte Asanbladak Rajoyren itxuradun mamua prestatu zuen, kritikari lekua eginez.
“Udala oso gustura dago, eta eskerrik asko eman nahi dizkiogu, beste behin ere, urterik urte Gaba Beltza antolatzen egoten diren herritar guztiei”, esan dute udal ordezkariek.
Gaztetxoek ezinhobeto pasatu zuten
Babarrun goxoenak Mendigurenenak
Lapiko Beltza I. Babarrun Lehiaketak zortzi bikote batu zituen zapatuan, Beheko Plazan. Xabier Mendiguren eta Maria Tamayok eskuratu zuten 250 euroko sari nagusia. Bigarren sailkatu ziren Belen Fundazuri eta Ziortza Arrieta, eta hirugarren Oskar Collazo eta Ibon Arizaga. “Ondo joan zen guztia”, azaldu du Garbiñe Agirregomezkortak, jendearen balorazioa orokorrean “ona” izan zela esanaz. Edonola ere, datorren urterako zer hobeturik ere badela gehitu zuen. Hiru lapiko irabazleek Ibiri baserriko babarruna erabili zuten lehiaketan.
Ontziratu zaitez kanpainako tuper banaketa, azoka txikia eta lehiaketa tarteko, izugarrizko giroa egon zen Beheko Plazan. Asko eta asko izan ziren txartela eskuan babarrunak dastatu nahi izan zutenak, aurretik azoka txikian erosketa egin zuten seinale. Azkenean, lapiko irabazlea ez eze, beste asko eta asko eman zituzten dastaketan. Herritarrak gustura jan zituzten herriko baserritarren babarrun beltzak. Azkenean, bigarren eta hirugarren lapiko irabazleak saldu ziren enkantean.