Kemen Uranga preso politiko ondarrutarra atzo estraditatu zuten, Londresko Westmisterreko Auzitegiaren aginduz.
15:00ak orduko Londresko aireportuan zeukaten ondarrutarra, eta senideek jakin ahal izan zutenez, 18:30ak edo 19:00ak aldera aurreikusten zen Madrila ailegatzea (Espainia).
Datozen hamar egunetan espero zuten Uranga estraditatzea. Hasiera batean, urrian ziren Espainiari entregatzekoak, eta Urangaren eskari bati erantzunda, azaroaren 21era zeukaten data atzeratuta. «Paper batzuk konpontzeko zeukan eginda eskaera Kemenek [Urangak], eta gaur eman behar zioten erantzuna, baina aurretik estraditatu dute», azaldu dute haren lagunek.
Haren abokatuak esandakoaren arabera, Madrilgo Soto del Real espetxera eroan zuten atzo, eta gaur goizean eroan behar zuten Espainiako Auzitegi Nazionalera. Iñaki Goioaga
abokatua edukiko du alboan deklaratzen duenean. Ustez, handik Soto del Realera bueltatuko dute. Kartzelan hasierako sarrera eman eta gero, asteburuko bisita eskaria egingo dute senideek. «Ea zapatuan edo domekan ikus dezakegun», esan dute.
2012ko abenduaren 12an onartu zuen Londresko epaitegi batek Uranga espainiaratzea. ETAri laguntza ematea leporatzen dio Auzitegi Nazionalak; hain zuzen, Bizkaia taldeari laguntza ematea. 2012ko abuztuaren 8an atxilotu zuten, Londresen.
Legezkotasuna «kolokan»
Urangaren abokatu Mark Summersek estradizio eskaeraren legezkotasuna kolokan jarri zuen hori aztertzeko egin zuten auzi saioan. Summersen arabera, ustez Urangari leporatzen dioten delitua egin zenean Erresuma Batuko legeriak ez zuen delitu mota hori jasotzen. Estradizioa onartu egin zuen epaileak, eta erabaki hori errekurritu zuen defentsako abokatuak. Hala ere, espainiaratzeko agindua berretsi zuen epaileak joan den martxoaren 14an. Azken hilabeteetan Long Lartingo espetxean eduki dute preso (Worcestershire).
2000. urtetik ihes eginda zegoen Uranga, eta hura atxilotzeko euroagindua eman zuen 2011. urtean.