Irudian, Lekeitioko portua. CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Eusko Jaurlaritza/Mikel Arrazola
Energia aurreztea eta kutsadura luminikoa murriztea helburu, Bizkaiko portuen argiztapenari buruzko ikerlana ari da egiten Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila. Hari horretatik, dagoeneko zenbait neurri hartu dituela jakinarazi du. Hain zuzen, Lekeitioko eta Elantxobeko portuetako farolak aldatu ditu. Zehaztu duenez, Lekeitioko portuko 56 kale-argiak eta Elantxobeko portuko 33ak ordezkatu ditu, kontsumo baxukoak jarriz. Aldaketa horrekin, egunean 7.700 wh aurreztuko ditu Lekeition, eta 2.300 Elantxoben.
Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok esan du gakoak ez datzala argi gutxiago jartzean, baizik eta argiteria publikoaren efizientzia hobetzean, eta merkeagoa eta garbiagoa izatean.
Bestalde, Ondarroako errioaren hegaletako farolak eta hondartzako dikekoak ere aldatuko dituela aurreratu du Ruiz de Angulok, kasu horretan ere kontsumo baxukoak jarriz. Alabaina, Calatrava zubian LED motakoak jarriko ditu. Horiek %65 gutxiago kontsumitzen dutela, biziraupen luzeagoa dutela (70.000 eta 100.000 ordu artean), jartzeko errazagoak direla eta mantenu gastu txikia daukatela argitu du. Hartara, zubian egingo duen aldaketagaz, egunean 16.200 wh aurreztuko dituela aurreikusten du.