Hondakinak etxez etxe eta atez ate jasotzearen aldeko iritzi asko jaso ditu Ondarroako Udalak auzoz auzo, hondakinei buruz egindako lehenengo bileretan.
Batzarretan bildu diren herritarren iritzian, gehien birziklatzen duen sistema eta herrirako merkeena litzateke, eta hondakinak etxe aurrean jasotzea oso erosoa; batez ere, nagusientzat. Horri lotuta,
herritar nagusienek formazioa jaso beharko luketela ere azpimarratu dute.
Sukaldatu bariko hondakin organikoentzako edukiontzia eta hondakin organiko guztientzako edukiontzia izan dira aztertu dituzten beste bi sistemak.
Udalak emandako
datuen arabera, orokorrean,
sukaldatu bako hondakin organikoen edukiontzia ez zitzaien egokia iruditu parte hartzaileei. «Etxean bi organiko mota bereiztea gaitza iruditu zitzaien», eta horrela hondakin organiko gutxi jasoko zela esan zuten. Azken finean, emaitza txikiak lortzeko inbertsio handia egin beharko litzatekeela iritzi zuten herritarrek.
Bestalde,
hondakin organiko guztiak jasotzeko edukiontzia ipintzeak gaur egungo egoera apur bat hobetuko lukeela aipatu zuten. Gainera, konposta egiteko gunea eskualdean edukitzeak berton lana sortuko lukeela esan zuten. «Edukiontzi honek gatazka gutxiago eragingo zuela ere iruditu zitzaien», udal ordezkariek adierazi dutenez. Kontrakorik ere azpimarratu zuten, dena dela: sistema horregaz ez dela hainbeste birziklatuko. «Gure kaleak estuak izanda beste kontainer bat sartzea gaitza izango litzateke. Kontainerrak etxe aurrean dituztenek usain txarrak edukitzen dituzte», esan zuten.