Gabonetako ludoteka zerbitzuan izena emateko epea zabalik dago
Zerbitzua sei ume baino gehiagok izena ematen badute eskainiko dutela esan dute udal arduradunek. Izena emateko epea abenduaren 10era arte dago zabalik.
Hiru urtetik 12 urtera arteko umeei dago zuzenduta zerbitzua. Ludoteka abenduaren 26, 27, 30, 31 eta urtarrilak 2 eta 3 egongo da zabalik, 09:30etatik 12:30era.
Zerbitzua erabili nahi duten interesatuek abenduaren 10a baino lehen udaletxera deitu (94-684 21 06) edo joan beharko dute.
Zerbitzuaren prezioa
Prezioari dagokionez, umeko 30 euro balioko du ludotekak. Eta bi ume edo gehiago apuntatzen dituzten familiek, umeko 24 euro ordaindu beharko dituzte. Bestalde, oinarrizko errenta jasotzen ari diren familien seme-alabek zerbitzua doan edukiko dutela esan dute udaletik.
Ludoteka zerbitzua iaz ere eskaini zuen Mendexako Udalak eta erantzuna ikusita, aurten ere zerbitzua eskaintzea erabaki dute udal ordezkariek.