Zaletasunak bultzatuta, argazkilaritzaren mundua lanbide bilakatu zuen Inhar Mutiozabalek (Zarautz, 1985). Bere ametsari jarraituz, argazkilaritza profesionalera jauzi egin zuen eta estudioa zabaldu zuen, Mutrikun. Orain,
argazkien erakusketa Mutrikuko Batzokian jarri du ikusgai (joan den eguenean zabaldu zuen):
Mutriku txaparrotan.
Hasieran argazkilaritza zaletasuna zenuen, ezta?
Bai. Duela 13 urte inguru sartu nintzen mundu honetan. Hasiera baten zaletasuna zen, baina duela hiru bat urte, lana utzi nuen eta buruan neukan proiektuari ekin nion: argazkilari profesional moduan freelance moduan hasi nintzen, publizitateak egiten eta abar. Eta gerora estudioa ipini nuen, Mutrikun.
Erakusketa egiten duzun lehen aldia al da?
Ez. Hau hirugarrena da. Duela bi urte Zarautzen ipini nuen erakusketa bat, ardoaren inguruan. Ardoa oinarrizko elementu moduan hartuta, argazki artistikoak ziren erakusketa hartan bildutakoak. Gero, Indian 20 eguneko egonaldia egin nuen eta horri buruz egin nuen bigarren erakusketa. Paisaiak eta atara ordez, kaleko errealitatea erakutsi nahi izan nuen horretan. Erakusketa hori Donostin, Zarautzen, Eibarren eta Lasarten ipini nuen.
Jendeak zer esaten dizu erakusketak ikusi eta gero?
Hiru erakusketak, oraingoa barne, oso ezberdinak dira. Lehenengoa osoa artistikoa zen, eta zailagoa zen jendeak argazkiak baloratzea. Bigarrenak nahiko oihartzun ona eduki zuen, India zen gaia eta erakargarria izan zen. Hirugarren honetan, ostera, ez naiz kexatzen. Harrera oso-oso ona edukitzen ari da.
Erakusketa noiz arte egongo da ikusgai?
Printzipioz, erakusketak ez dauka iraungitze datarik. Ideia da tarteka argazkiak aldatzen joatea, eta horrela, luzaroan ikusgai egotea. Denboran aldatzen doan erakusketa izatea da asmoa. Azken finean, erakusketan ikusgai dauden argazkiak uda sasoian ataratakoak dira. Gero, gauden urtarora egokitzen joatea gustatuko litzaidake, unean uneko aldaketa eginda. Momentu honetan ikusgai dauden argazkietan urari eman diot garrantzia. Baina argazkiak aldatuz eta urtarora egokituz, bizirik dagoen erakusketa izatea da nire asmoa.
Mutriku da erakusketa horren muina. Zer da Mutrikutik nabarmenduko zenukeena?
Oso zaila da zerbaiti zehazki garrantzia ematea. Niri asko gustatzen zaizkit kale barruak, aldapak, goizean goizetik hasita dagoen bizitza… Herri txikietan hori badago, baina gutxinaka galtzen doa, eta eguneroko bizitza hori da Mutrikutik gehien gustatzen zaidana. Herriak samurtasun eta bizitza berezi bat ditu, oraindik. Argazkiak ateratzeko momentuan, Mutrikuk hori dauka polita, goizetik dagoen herri-giroa.
Mutriku txaparrotan da erakusketaren izena, zer esanahi dauka izenburu horrek?
Erakusketa, azken finean, Mutriku da, baina zarauztar baten begietatik begiratuta. Txaparroak Zarautzen bainujantziak dira. Jolas hori egin nahi izan dut, mutrikuarra ez naizela argi lagatzeko. Izan ere, norbere herria ez den herri bateko argazki erakusketa bat egiteak errespetua ematen du. Beraz, izenburu horrekin barkamen moduko zeozer esan nahi izan dut. Azken finean, nork bere herria, txokoak eta bazterrak, ondo ezagutzen ditu. Baina beste herri baten ez da hori gertatzen.