Lekeitio, Ondarroa, Zalla, Mutriku eta
Markina-Xemeingo hemeretzi argazkilarik parte hartu zuten domeka goizean egin zen
XIII. Ekoargazki Rallyan. Markina-Xemeinen egun ematen diren errealitate iraunkor eta ez iraunkorren arteko kontrasteak atera behar izan zituzten, argazkien bidez.
Ateratako argazki guztietatik, sei argazki aukeratu beharko dituzte orain, parte hartzaileek, eta
Foto Makina dendan entregatu. Gaur izango dute memoria txartelak entregatzeko azken eguna.
Argazki guztiak entregatuta, epaimahaiaren txanda hasiko da. Betiko modura, Ekozain ekologia taldeko partaide batek, Markina-Xemeingo Udaleko ordezkari batek eta beste hiru adituk osotuko dute epaimahaia.
Zortzi sari
Argazkiak bi mailatan banatuta egongo dira:
Lehiaketa orokorrekoak eta 14 urtetik beherakoak.
Lehiaketa orokorrean 250 euro izango ditu bilduma onenak eta 70 euroko beste hiru sari banatuko dira, gaika.
14 urtetik beherakoetan, 150 euro izango ditu bilduma onenak eta 50 euro lortuko dituzte gai bakoitzeko argazkiek.
Argazki guztiekin erakusketa bat jarriko dute ikusgai.