Giro ezinhobean, partidu oso onekin eta harmailak bete-bete. Horrela joan zen atzo arratsaldean Urzabal Guraso Elkarteak koroideremiaren ikerketaren alde dirua biltzeko antolatutako pilota jaialdia.
Guztira 314 sarrera saldu zituzten txarteldegian, baina, barruan jende askoz gehiago zegoen ekitaldiagaz bat egiten: 450 bat lagun.
Lehen partiduak Lea-Ibarreko mutilak atera zituen kantxara: Jon Legarra-Asier Muruaga eta Aitor Antsotegi-Endika Uriondo. Hasieratik amaierara arte oso orekatua izan zen partidua, oso lehiatua eta interesgarria. Horixe utzi zuen agerian azken markagailuak: 18-22, Antsotegiren eta Uriondoren alde.

Mikel Goñi, gaztetxoekin
Goñi, «jokoa ematen»
Partidu nagusiak ikusmin handia sortu zuen, Mikel Goñik batez ere. Zaleek txalopean hartu zituzten pelotariak, eta ez zuten hutsik egin. Goñik «jokoa eman» zuen, eta Urionak «asko» jokatu zuen. Partidu polita, ez ahazteko modukoa egin zuten laurek. Markagailua ere estu-estua izan zen: 20-22 irabazi zuten Otxandorenak eta Urionak.
Emaitzak emaitz, garrantzitsuena guztiek emandako laguntza izan da.
«Pelotariek ere familiei laguntzeko ipini dutena benetan eskertzekoa da», esan dute antolatzaileek.