Abortatzeko eskubideari buruz berba egingo dute gaur, Ondarroako Etxelilan
Gure gorputza, gure erabakia: abortatzeko eskubidea hitzaldia egingo da gaur, eguaztena, 19:00etan, Ondarroako Etxelilan. Hitzaldia herritar guztiei zabalik egingo dela jakin eragin dute Uxu Ondarroako Emakume Taldeko eta Etxelilako kideek.
Abortatzeko eskubidearen aldeko plataformako kideak eta Tere Maldonado FeministAldeko kideak zuzenduko dute hitzaldia. Oro har, hitzaldira joaten direnek, abortatzearen eskubideari buruz berba egin ahalko dute.
Bi emakumeak ospetsuak dira, herri askotan hainbat hitzaldi eta mahaingurutan parte hartzeagatik eta mugimendu feministan aktiboki militatzeagatik.
Entzun eta galdetzeko aukera
Adituen berbak entzuteaz gain, gaiaren inguruko galderak egin ahalko dituzte bertaratzen direnek. Horrela, abortatzeko eskubidearen puntu guztiak ezagutzeko aukera edukiko dute herritarrek.
Ekitaldia Uxuk antolatu du. Eta ez da estreinako aldia Uxuk abortatzeko eskubideari buruz hitzaldi edo ekitaldiren bat antolatzen duena. Horrela ba, beste ekintza honekin ere, Uxuk, herritarrei ahalik eta informazio gehien eman nahi die. Hau da, elkarteak bideak ipintzen ditu, herritarrek gai horren gaineko informazioa eskura eduki dezaten.