Lea Ibarreko mankomunitateak urtero antolatzen duen umeen eguna Amoroton izango da aurten. Umeek ederto batean pasatzeko aukera edukiko dute eurentzako prestatutako egunean. Goizean 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 16:00etatik 19:00etara hainbat ekintza egongo dira.
Urtero herri batean ospatzen da Lea Ibarreko umeen eguna. Helburua, mankomunitatea osatzen duten bost udalerrietako umeek harremanak edukitzea da, eta horretarako, jolasak antolatzen dituzte.
Aurtengoan ere, hainbat ekintza antolatu dituzte. 1-6 urte arteko umeentzako mini puzgarriak, margotze txokoak eta aurpegia margotzeko lekua egongo dira. Puzgarri ertaina ere jarriko dute.
7-12 urte artekoentzako puzgarri handia egongo da, baina baita jolas gehiago ere: eskalatzeko horma, kotxeen ibilbidea edota surf taula, esaterako.
Ume guztiek parte hartu ahal izango duten beste gune bat ere egongo da. Horretan, ohe elastikoak eta jolasen txokoa egongo dira. Horregaz gain, tailerrak ere egongo dira. Goizean, Hiru lerroan jolasean parte hartzeko aukera egongo da; baita, txalaparta jotzeko aukera ere.
Bestetik, arratsaldean, musika tresnak egongo dira probatzeko. Mokadutxoa jateko aukera ere egongo da, talo eta txorizo jana antolatu dute eta.
Eguna biribiltzeko, 17:30ean umeentzako diskofesta antolatu dute, eta jai horretan, DJ-a, jolasak, dantzak… egongo dira. Ostean, txokolatada egingo dute.