Portua, gaur goizean
Batzuk sardinatan eta beste batzuk txitxarro, buzten baltz eta betanditan. Talde bitan banatuta dabiltza egunotan Ondarroako Kalare Deuna kofradian salmenta egiten duten itsasontziak.
Ongi Etorri, Ondarzabal eta Kalamu sardinatan dabiltza, kostaldetik sei-zazpi ordura. Astea “polito” joan da Angel Arkotxa benta arduradunak esan duenez.
Martitzenean ia 400 tona lehorreratu zituzten. Kiloa –hamasei garau–, bataz beste, 0,47 eurotan saldu zuten, “prezioa onean, bai saltzaileentzat, bai erosleentzat”. Atzo gutxi ekarri zuten: 14.000, eta prezioa, 0,56 eurokoa, bataz beste.
Gaur goizean betandia ekarri dute batez ere: 1,40 euro eta euro 1 artean saldu da, “prezio politean!. Arratsaldea orduko sardina da sartzekoa.
Eguraldi txarra dago iragarrita biharko, eta, hortaz, gaur, Kantabriako itsasontziek euren portuetara eroango dute arraina.