Bizkaiko Foru Aldundiak errekurtsoa jarri dio
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Vista Alegre proiektuari buruz emandako ebazpenari. Auzitegi horrek urriaren amaieran esan zuen Vista Alegre proiektua legez kanpokoa dela, eta Karraspio hondartza alboan egin nahi zituzten etxebizitzen eta aparkalekuen proiektua egitea legez kanpokoa zela. Orain, baina, proiektua aurrera bota nahian, Bizkaiko Foru Aldundiak errekurtsoa jarri dio epai horri. Mendexako Udalak ez du parte hartu errekurtsoan.
SOS Karraspio taldeak azaldu du auzitegiak urrian emandako ebazpena «oso pozik» hartu zutela. «Herritarrontzako zaila izaten da horrelako prozesuetan sartzea, horretarako baliabide pertsonal eta ekonomikoak behar direlako», esan dute. «Baina orain pozik gaude hartutako erabakiagaz; honelako gauzek erakusten digute gauza asko lor ditzakegula herritarrok, indarrak batuz gero».
Aldundiak ebazpenaren kontrako errekurtsoa aurkeztu izana «benetan larria» dela uste du SOS Karraspio taldeak. «EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena jaso bezain laster arriskua ikusten genuela esan genuen, eta gure susmoak egia bihurtu dira», diote. «Aldundiak burugogorkerian jarraitzen du, eta, gainera, guztion dirua gastatuz interes partikularren mesedetan», kritikatu dute. «Errekurtsoaren arrazoiak irakurtzen hasita, are larriagoa iruditzen zaigu», diote.
Izan ere, lehenengo atalean Mendexako udalerrian etxebizitza kopurua gehitzeko argudioak ematen ditu aldundiak. «Zertara dator orain etxebizitzen kontuagaz, orain arte proiektu honen defentsan erabilitako argumentu bakarra aparkaleku premia larria izan bada? Aldundiak esan behar digu mendexarroi zenbat etxebizitza eta non eraiki behar ditugun? Aldundiak agindu behar al du zelako herria eduki behar dugun?», galdetu du SOS Karraspiok.
Dena dela, «kezkagarriena» beste gauza bat begitantzen zaio SOS Karraspio taldeari:
«Zer dago horren guztiaren atzean? Zer dela-eta sartzen da aldundia norbanako batek etxebizitzak eraikitzeko duen proiektu baten defentsan, batez ere, herritarrentzako etxebizitzak ez direnean? Orain sekula baino argiago utzi dute aparkalekuarena aitzakia baino ez dela».
Zer dela-eta sartzen da aldundia norbanako batek etxebizitzak eraikitzeko duen proiektu baten defentsan, batez ere, herritarrentzako etxebizitzak ez direnean? Orain sekula baino argiago utzi dute aparkalekuarena aitzakia baino ez dela.
Aldundiak ez bezala,
Mendexako Udalak ez dio errekurtsorik jarri auzitegiaren epaiari. Haren esanetan, proposamen berriak aztertuko ditu, mugikortasunari dagokionez, eta alternatibak bilatu nahi dizkio Karraspioko trafiko arazoari. SOS Karraspioren arabera, udalak arau subsidiarioak aldatu eta egokitzapenak egingo ditu, «proiektua aurrera ateratzeko».
Urteetako beharra
2011n proiektuaren berri eduki zutenetik SOS Karraspio taldea Vista Alegre proiektuaren kontra beharrean aritu da.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren aurrean, eta aldundiaren errekurtsoaren ondoren, orain arteko ibilbidearen errepasoa egin du. «Hiru urteko ibilbide honetan positiboen baloratzen duguna herritarren parte hartzea da», esan dute. «
Benetan positiboa da hainbeste jende batzea horrelako proiektu bati aurre egiteko; SOS Karraspio taldean bertan parte izan garenoz gain, oso kontuan hartzekoa da zenbat jendek hartu duen parte egindako ekintzetan, eta zenbat izan diren atxikimendua eman duten eskualdeko udalak, mendi taldeak, talde ekologistak, eta norbanakoak», diote.
Azkenik, kostaldearen defentsan jarraituko dutela esan dute. «Honek guztiak ikusarazi diguna da asko garela ez gaudenak prest ingurua gutxi batzuen negoziorako txikitzen uzteko», adierazi dute.
«Aurrera begira ere, hemen edukiko gaituzte Karraspio eta inguruko kostaldea defendatzen», gaineratu dute taldekideek.