Ondarroako Sortuk, Etxerat-ek eta preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimenduak “oso larritzat” jo dituzte Frantziako Lyon Corbas espetxean azken hilabeteetan izandako gertaerak, eta nabarmendu dute ez direla gertakari “isolatuak” izan. “Gatazka politikoa behin-betikotzeko asmoa daukate estatuek, eta euskal preso politikoak dituzte jo puntuan. Ikusi besterik ez dago kartzeletan pairatzen dituzten muturreko bizi baldintzak: isolamendua, miaketak, jipoiak… eguneroko ogia dira frantziar eta espainiar estatuko kartzeletan”. Eskubide urraketa horren erantzun modura Sevillan aurrera daroen gose greba ekarri dute gogora.
“Euskal jendartearen gehiengoak konponbidearen aldeko hautua egina dauka. Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko ahotsak gero eta gehiago diren honetan, estatuak Herrira mugimendua erasotu du, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko lana eta dinamika kriminalizatu asmoz”, salatu dute. “Beldur da herri hau mugitzen delako, konponbidearen aldeko hautuak gero eta indar handiagoa duelako, eta horrek estatutaren blokeo posizioa zaildu egiten du”. Espainiak Euskal Herriarentzat daukan eskaintza bakarra “errepresioa” dela berretsi dute,” jarrera horretan mantentzea gero eta gaitzagoa egingo” zaiela iritzita.
“Betiko errezetak”
Askapen prozesua bizkortu ez dadin, “betiko errezetak” mantentzea leporatu diete estatuei: “Estatuek badakite preso eta iheslarien egoeran pausoak emateak Euskal Herriaren askapen prozesua bizkortuko duela. Horregatik mantentzen dira betiko errezetetan”. Horren adibide legez, dispertsioa, Kemen Urangaren estradizioa, Xabi Aranburu eta bere kideak jasaten ari diren egoera gogora ekarri dute. Gertaera horrek guztiak salatzeko, sinadura bilketagaz joan den aste amaieran hasitako kanpainari jarraipena emango diote Ondarroan. Herritarrei antolatuko diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin diete, errepresioa ez dela bidea azpimarratuz.