Azaroaren 20tik abenduaren 1era egingo da mendi astea. Lehenengo jarduera GPS ikastaroa izango da. Azaroaren 20an, 22an eta 23an , aste barruan, 19:00etatik 21:00etara, eta zapatuan, 09:00etatik 13:00etara, KZgunean. Iaz oinarrizko ikastaroa eginda, aurten aurreratua antolatu du taldeak, jarraipena eman asmoz. Parte hartu nahi dutenek Anaitasuna tabernan eman behar dute izena: domeka da azkan eguna.
Azaroaren 26an, Entrenamendu eta egokitzapen egoki bat mendiaz gozatzeko hitzaldia eta argazki emanaldia egingo da Kofradia Zaharrean, 20:30ean, Iñigo Vicens-egaz. 29rako diapositiba emanaldia antolatu dute mendizaleek: Jose Carlos Tamayok Karakorum-go esperientzia azalduko du irudiz lagunduta. Saio hori ere Kofradia Zaharrean izango da, 20:30ean hasita.
Astebukaerak kirol jarduerak ekarriko ditu: azaroaren 30an, eskola kirolaren barruan, boulderrean ibiltzeko aukera edukiko dute gazteek. 10:00etan hasiko da ekitaldia, Zaldupe kiroldegian. Domekan, berriz, Finalista Eguna ospatuko dute Berriatuko Madalenan. Urtean irteera gehienetan parte hartu dutenek saria jasoko dute bertan.